Txantxikuak parrandan saltoka pasatzen dira udatik udazkenera
Alde batetik beroketa lanak direla eta bertzetik sanmigelak eta Errosarixoko jaiak, udatik udazkenerako trantsizioa dantzan egiten dute oñatiarrek, txantxikuen gisan saltoka. Gaur, eguzkia sartzearekin batera etorriko da tirante gorridun igela, ikurrina eskuan duela, eta gauean danbor doinuekin barneratuko dira bestan. Bihar, San Migel eguna, Oñatiko Musika Bandak goxatuko ditu belarriak.
Maider IANTZI | OÑATI
Oñatiko San Migel jaiak gaur hasiko dira ofizialki, baina txantxikuek urte anitz daramate jada aitzineko asteburuan ere parranda egiten. Batez ere nazioarteko artzain txakur lehiaketa eta haurren danborrada tradizio bilakatu dira eta besten egitarauan sartzen dira. Aurten, ezin hobeki eman diete hasiera ekitaldiei, Ruper Ordorika herritarraren kontzertuarekin.
Nerea Zubia Kulturako zinegotziak GARAri azaldu dionez, beroketa horren ondoren, batzuetan jarraian tokatzen dira San Migel eta Errosarixoko jaiak; bertzetan, aldiz, bi asteburutan, aurten bezala. Hala, gaur, bihar eta etzi sanmigelak ospatu ondotik, heldu den asteburuan Errosarixoko festak etorriko dira. Egutegiak ospakizunak markatzen ditu neurri batean, jarraian tokatuz gero, oporrak aprobetxatuz kanpora jotzen duelako jendeak, eta bereiziz gero, lagun gehiago gelditzen direlako herrian eta kanpotarrak ere gehiago etortzen direlako. «Orduan, guk nahiago bereiz tokatzea», dio Zubiak. Horrela, gainera, atseden hartzeko aukera dute bi parranden tartean. Era batera edo bertzera, oñatiarrak bestaz besta pasatzen dira udatik udazkenera. Bukaeran, urriaren 8an, Errosarixo Bixamonaren Bixamona izanen dute! Maratoia eta gero beharrezko atsedena.
Txantxikuaren jaitsiera
Gaurko ekitaldirik berezienetakoa Txantxikuaren jaitsiera da, 20.00etan jaiei hasiera emanen diena. Kultura zinegotziak agertu duenez, herri ekimena da. Lehen ez zen txupinazorik izaten; orain, berriz, klasiko bihurtu da, hagitz errotuta dago. Bitxikeria gisa kontatu du bestetako egitarauaren portada aukeratzeko lehiaketan normalean ez dela Txantxiku behin ere falta izaten. Aurtengo azalean bi agertzen dira! Herritarrek hautatu dute irabazlea, Lezuri Ormazabalen lana. Ormazabalek ez du lehenengo aldia txapelketa honetan eta erran du bertze urte batzuetan aurkeztu dela Txantxiku gabe eta ez dutela bere diseinua aukeratu.
Baina nor da hainbertzetan aipatzen den Txantxiku? Igela da eta berari buruzko istorio desberdinak daude. Oñati dukerria zenean, itxura denez, dukearen etxean bazen baldosa beltz eta zuridun zoru bat eta ez zikintzeko dukeak zerbitzariari erraten zion baldosa beltzetik beltzera joateko saltoka, txantxikuen moduan. Gero, dukearen etxe ondoan erreka bat dago. Han txantxikuak egoten ziren eta zarata handia egiten zuten. Bi istorio horiek dira Debagoienako herrian gehien aditzen direnak.
Jaioberriei ongietorria
Nobedadeen artean, astelehenean, irailaren azken egunean izanen den Txantxiki Eguna dago, etxeko txikiei zuzendua. Iaz berreskuratu zuten Atsolorra, urtean jaiotako haurrei ongietorria egiteko usadio zaharra. Aurreko sanmigeletatik hona sortu diren neska-mutikoak hazteko eta hezteko konpromisoa hartzen du komunitateak, eta horren adierazgarri, zinegotziek jaietako zapiak janzten dizkiete. Aspaldiko ohitura honetatik tiraka, Txantxiki Eguna antolatu dute. Haur parkea izanen da plazan, eta familiek Gaztelekuan bazkaltzeko mahaiak eta animazioa jarriko dituzte. «Zuk ekarri, zuk jan» deitu diote ekimen berriari.
Gaurko egunera itzuliz, 23.00etan danborrada nagusia eginen dute Oñatiko Musika Bandak lagunduta. Kalez kale ibili eta plazan bukatuko dute, Danborradaren Martxarekin eta San Migeletako ereserkiarekin. Joan den urtetik konpainia berri batek hartzen du parte eta ekimena aunitz biziberritu du, Nerea Zubiak nabarmendu duenez. Ideia bat egiteko, ia 300 pertsona ateratzen dira talde berrian, ia beste danborrada guztiaren bertze. Gazteek indar berezia egin dute gazte eta ez hain gazteak batzeko. Koloretako banderekin eta kantu desberdinekin ateratzen dira. Adibidez, «Kalera, kalera» joko dute danborrarekin nobedade bezala.
Hiru gunetan banatzen da besta: Txosnagunea, plaza eta Atzeko Kalea. Azken honetan, bakarlariak eta iluntzeko kontzertuak egiten dituzte. Bihar, Fito y Los Fitipaldis taldearen omenezko kontzertua emanen du Los Fito y Tu taldeak.
Datorren asteburuari begira, Zubiak jakinarazi duenez, jaiaren mugarriak larunbata (Herri Eguna) eta astelehena (Errosarixo Bixamona) izanen dira. Bixamonean kuadrillak mozorrotuta ibiltzen dira, zahar, gazte eta familiak. Karrozak eraikitzen dituzte eta deus handirik antolatu gabe, egun polit eta koloretsua ateratzen da. Herri Eguna kanpotik jende gehien etortzen den eguna da. Nekazaritza gunea egoten da, taloak, artisau postuak, sagardo dastaketa... Jende guztia baserritarrez janzten da eta mila bat lagun biltzen dira herri bazkarian. Erromeria giroa egoten da hiru agertokietan eta garrantzitsua izaten da preso eta iheslariei txosnetan egiten zaien omenaldia.
Etxeko txikientzat sortu dute Txantxiki Eguna, Atsolorra urtean jaio diren haurrei ongietorria egiteko usadio zaharretik tiraka. Etzi izanen da, eta besteren artean, «Zuk ekarri, zuk jan!» bazkaria eginen dute umeekin.
Gaur gauean kalez kale ibiliko da danborrada nagusia Oñatiko Musika Bandak lagunduta. Iaztik konpainia berri batek jotzen du. Ia 300 lagun dira, gainerako danborrada guztia adina! Bizitasun handia eman diote ekimenari.
Datorren asteburuan, larunbata (Herri Eguna) eta astelehena (Errosarixo Bixamona) izanen dira bestaren erritmoa markatuko dutenak. Bixamonaren bixamona etorriko da gero, maratoiaren ondotik lo pixka bat egiteko.
Txosnagunea bestaren gune garrantzitsuetako bat da. Egitarau betea osatu du batzordeak: argazki erraldoia mendizale eta gaupaseroak elkartuta, Egun Morea, kontzertuak, karrikaldia... Bihar emanen dugu GARAn honen berri.