GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Txileko «Raiz» filma bidaia bat da norberaren ezagutzara eta haurtzaroaren galerara

GARA | DONOSTIA

Matias Rojas Valencia txiletarra Zinemaldian da «Raiz» izeneko film luzearekin, aurkikuntzaz eta galeraz betetako bidaia bat eskaintzen duen filma.

Amalia 26 urteko gazte bat da, kolono alemaniarren ondorengoa eta bere amarekin erlazio zaila duena. 9 urteko Cristobal haurra bere aitaren bila laguntzea erabakiko du haurraren ama hil ondoren.

Film honekin «ez nuen gauza handirik kontatu nahi, barruko gauzak baizik. Istorioa aurkikuntza bidaia bat da», azaldu zuen zuzendariak. Hala, aitaren bila joateko bidaia «aitzakia» besterik ez da izango eta bidean bere burua hobeto ezagutzeko aukera izango du Amaliak, eta Cristobalek, bestalde, haurtzaroa atzean utziko du.

«Raiz» filmak familia arteko erlazioak azpimarratu nahi ditu. «Gure gurasoak errespetuarekin tratatzen ditugu, baina batzuetan modu monarkiko batean egiten dugu», esan zuen Rojas Valenciak, «baina beraiek ere oker egiten dute».

Filmean parte hartu duten aktoreen artean, Elsa Poblete txiletarra («No», «Tony Manero»), Mercedes Mujika hasiberria eta Cristobal Ruiz aktore ez den haurra topa daitezke.

Txile bi aldiz ordezkatua izan zen atzo Zinemaldian. Izan ere, Isabel Ayguavivesek zuzendutako «El arbol magnetico» ere aurkeztu zen atzo. Bertan, erbesteratzea lantzen du Ayguavivesek 2004an lagun batekin egindako bidaia batean oinarrituz.

Bidaia hartan «zuhaitz magnetikoa» ezagutu zuen. Santiago hiriburuan dago zuhaitz hori, eta bere inguruan gelditutako autoak beregana erakartzeko gaitasuna du. Hala, filmeko protagonistak daukaten furgoneta erakarriko du zuhaitzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo