GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Hardten alde... (I)

Azken hamarkadako intelektual esanguratsuenetako bat izan arren, Michael Hardtek irakasle xume baten antzera hitz egiten die entzuleei. Bere zalantzak agerian uztearen zale da, berak ere, pentsalari ezaguna izan arren, ikasteko eta ulertzeko asko duela adierazi nahi baitu. Toni Negrirekin batera sinatu duen trilogiaz geroztik, «Empire», «Multitude» eta «Commonwealth» lanek osatua hura, aztertzen aritu den «The commons» edo komuna den hori (dela materiala dela ez materiala) ideiaren harira zera esan zuen iragan asteazkenean eskainitako hitzaldian, batzuetan ez dakiela adibide moduan erabiltzen dituen mugimenduen (globalizazioaren kontrakoak alde batetik, eta 2011tik aurrera mundu arabiarretik Europara, AEBetara eta Hego Amerikara zabaldu diren protesta kolektiboak bestetik) nondik norakoen hezurmuinera heldu den ala bere ideiak besterik ez ote diren; hots, dagoena baino gehiago ikusi nahi duela mugimendu horietan.

Gutxitan ikusiko dugu pentsalari bat, are gutxiago rock star baten estatusa bereganatua duen bat, halako aitorpena egiten. Baina Hardtek esan bezala, egia absolutuen munduan bageunde, zertarako denbora alferrik galdu teorizatzen? «Komuna den hori»-ren gainean oraindik pentsatzeko eta aztertzeko asko dagoela dio Hardtek, baina oraingo statu quo-tik ateratzeko bide posible bezala ikusten du berak. Nola definitu, baina, «komuna den hori»? Hardtek argi uzten du, zer ez den: ez da neoliberalismoak bultzaturiko eredua (pribatutasunean oinarritua hura) ezta estatu hiperbabeskorrek sorturikoa (hots, espazio publikoa, zeina, ondo begiratuta, funtsean pribatua den).

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo