GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria Euskal Herriari

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Gudari Egunaren karietara Euskal Herriaren aldeko borrokan bizitza galdu duten gudariak gogora ekartzeko eta omentzeko baliatu nahi ditu agiri honen lehenengo lerroak. Beraiek emandakoa ETAren kide guztiontzat eredu da, Euskal Herriarekiko konpromisoa egunero berrestera eramaten gaituelarik.

Bide batez, gudarion senide eta lagunei gure besarkadarik estuena bidali nahi diegu. Gatazkak eragindako sufrimenduaren zerrenda ofizialetan sarri ez agertu arren, gu guztion buru-bihotzean zaudetela esan nahi dizuegu.

Gudari Egunaren testuinguruan ere, ETAk honoko gogoeta helarazi nahi dio Euskal Herriari:

Memoria kolektiboa: herriaren ondarea, herriaren beharra

Hamarkadotan gertatutakoa eztabaidagaietako bat den une honetan, ETAk bere borroka justua eta zilegia izan dela aldarrikatzen du. Estatuek ezarri duten zapalkuntza ereduari eta biolentzia itzelari aurre egin diegulako, Euskal Herriaren eskubideen defentsan.

Apaltasunez, baina harrotasunez ere, orain arte egindako borroka-bidea emankorra izan dela aldarrikatzen dugu, Euskal Herriak bizirik irauteko eta askatasunaren atea zabalik izateko lagungarria izan dela uste dugulako. Horregatik, besteren artean, omentzen ditugu ahalegin horretan dena eman eta egun gure ondoan ez dauden burkideak.

Askapen Mugimenduak bere borrokaren eta bere bizipen kolektiboaren memoria gorde behar du. Nondik datorren oroitzeko eta datozen belaunaldiei eskaintzeko. Euskal Herriaren askatasuna helburu duen borroka Euskal Herriaren ondare historikoa eta politikoa baita.

Badakigu jakin zenbaitek ez dutela gure irakurketarekin bat egiten, eta horrela onartzen eta errespetatzen dugu. Ez diegu gainerako indar politikoei gure ikusmoldearekin bat egin dezaten eskatzen. Baina, era berean, ez dugu gure borroka ibilbideari uko egin eta zapaltzaileen kontakizunarekin bat egin behar dugunik onartzen.

Bada, zoru etikoa dela eta ez dela, kalapita sortu nahi izan du PSOEk asteotan. Nonbait, gaitzesgarria deritzo EH Bilduk zoru etiko delako horren inguruan duen jarrera. Are, konponbidean aurrera egiteko oztopo gaindiezina dela argudiatuta, Gasteizko Parlamentuko bake ponentziatik ateratzea erabaki du Espainiako eskuindarren txaloen artean.

Zoru etikoa, baina, gatazkaren jatorri politikoa eta Estatuen biolentzia estali asmoz ezarri zuten. Ezker abertzalea legez kanporatuta zegoela, azken hiru hamarkadotan gobernu ardurak izan dituzten hiru alderdiek gatazka ETAren biolentzia zela eta, horrenbestez, errua ezker abertzalearena zela adostu baitzuten. Adierazpen horri «konpromiso» eta «etiko» deiturak eman zizkioten, sinatzaileen konpromisorik bildu ez eta ebazpenaren prozedura bera etikoa ote zen zalantzagarria bada ere.

Gerora, denok ibili beharreko zorua bilakatu nahi izan dute, egi absolutua bailitzan. Gero eta ageriago gelditzen ari dira, hala ere. Gasteizko Gobernuak lehen aldiz milaka euskal herritar torturatuak izan direla onartu eta gero, zer nolako zilegitasuna dute aipatu alderdiek beren irakurketa eta zoru etikoa inori inposatu nahi izateko? Zer nolako zilegitasuna dute inori bere ardurak aitor ditzala eskatzeko, beraiek dutena onartzeko oraindik imintziorik ere egin ez dutenean?

Dena dela, PSOEren jarreraren atzean dagoen sakoneko arrazoia beste bat da. Estatuen biolentziaren gainean eraikitzen den zorua eta Euskal Herriaren hitza eta erabakia ukatzen duen sabai juridiko-politikoaren arteko espazio itogarrian gatibu eduki nahi dute Euskal Herria, beren egitasmo politikoa inposatzeko. Azken batean, Frankismoak aldarrikatzen ohi zuen bake bera defendatzen dute. Horregatik gatazkaren konponbidearen inguruan antolatzen den ekimen guztietatik aldentzen ari dira.

Guk bestelako bake bat aldarrikatzen dugu, gatazka politikoaren konponbide justu eta arrazoizkoan oinarrituta izango dena. Elkarrizketa eta akordioaren bidez eraikitzen dena.

Memoriarik gabeko bakea eraiki nahi dugula leporatu izan zaigu. Ez da egia. Baina memoriak ezin du ahanztura gunerik izan. Euskal Herriak konfrontazioaren testuinguruan gertatutakoaren egia, egi osoa, ezagutzeko eskubidea du. Justiziazkoa izateaz gain, gatazkak utzitako zauriak ixten laguntzeko beharrezkoa da. Eta ariketa kolektiboa izan behar dela uste dugu, sufrimendu guztia aitortu eta nork bere ardurak onartze aldera.

ETA prest legoke horrelako prozesu batean parte hartzeko. ETAk ez du inoiz bere ardura saihestu, ez du inoiz egindakoa ezkutatu. Hala, prozesuari behar den sakontasunarekin eta erantzukizunarekin ekiteko prest gara, gatazkaren gordinak gure herrian utzi dituen ondorio latzak eta zauri sakonak aintzat hartuz.

Askapen prozesuari segida emateko beharra

Askapen Mugimendua eraberritzen ari da. Aldaketa sakonak gauzatu ditu azken urteotan Askapen Prozesuari segida emateko, Euskal Herriaren Independentzia eta Sozialismoa helburu duen egitasmoa bizkortzeko.

Hasitako bidea arrakastaz burutzea izango da bidean galdu ditugun gudariei egin diezaiekegun omenaldirik onena.

Horretarako, tresnak eta estrategia egokitu ditugu, oraindik egiteke dugun bidea urratsez urrats eta bestelako sektore politiko, sozial eta sindikalekin batera egin nahi dugulako. Desadostasun zehatzen gainetik, Euskal Herriaren eta euskal langileen defentsa oinarri duen aldaketa prozesua herri gisa burutzeko aliantza zabalak ehundu behar direlako.

Aldaketa garaia dela sarri aipatzen dugun arren, Espainia eta Frantziako Estatuen inposizioa indarrean dago oraino. Frantziako Estatuak euskal eragile eta herritarrek aho batez aurkeztu duten aitortza instituzionalerako proposamenari eman dion erantzun ezkorra inposizioaren adibide ezin argiagoa da.

Inposizioak, gainera, eremu guztietan du eragiten eta egunerokoan kalte zehatzak ekartzen ditu. Herri borondatearen kontrako ikur eta bandera arrotzen inposizioa; gobernu ordezkarien eta prefeten gehiegikeriak; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolak itotzeko erabakiak; langileen eskubideak urratzen dituzten legeak; herritarrak txirotasunera eta bazterketa sozialera bidaltzen dituzten neurriak; Euskal Herria kolonizatzeko asmoz egiten diren hezkuntza sistemaren erreformak; Euskal Herriari bere politika propioak garatzeko ezartzen zaizkion muga eta baliabideen murrizketak... Zerrenda amaigabea da eta ondorioak tamalgarriak. Espainia eta Frantziako legeak Euskal Herria lotzeko kateak baitira, gero eta gehiago.

Herri prozesua behar da, beraz, eraso horiei guztiei aurre egin eta lotzen gaituzten kateetatik behin betiko askatzeko. Herri prozesua behar da, burujabetza eta justizia sozialaren eskutik gure bidea egiteko, Euskal Herriaren hitza eta erabakia prozesuaren erdigunean jarrita.

Akordioen garaia da, bai, baina ez PNVko buruzagiek aldarrikatu duten gisan, iraganekoak diren eta Espainiaren menpe uzten gaituzten aliantzak berritzeko. Akordioen garaia da, Frantzia eta Espainiarekiko menpekotasunaren aurrean herri estrategia adosteko. Akordioen garaia da, Euskal Herriaren eta bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errealitate bilakatzeko.

Bakea eraikitzeko erronka, Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira

Denbora luze eman dugu Estatuei eskua luzatzen, bakearen bidean sar zitezen. Dugunarekin eta ez dugunarekin ahalegindu gara. Estatuek, ordea, gatazka elikatzen dihardute, konponbiderako aukera orori atea itxita. Horrela, Euskal Herria aurrera egiteko aukerarik gabe utzi nahi dute, Espainia eta Frantziaren menpe eta gatazkaren ondorioak eta sufrimendua gainditu ezinean.

Euskal Herriak ezin du halakorik onartu, ezta aldaketarik nahi ez duten PP, UPN eta PSOE alderdiek etengabe ezarri nahi duten betoa ere. Etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko aukera baitago arriskuan.

Horregatik, ETAk uste du irismen luzeko prozesua abiatu behar dela, Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira. Elkarrizketaren bidez adostasunetara iritsi eta adostutakoari bide emateko urratsak eginez. Estatuekiko akordiorako aukera baztertu gabe baina Estatuak konponbidearen mahaira noiz etorriko diren zain izan gabe.

ETAren ustez, prozesu honek gutxienez hiru helburu barnebildu beharko lituzke:

- Elkarbizitza demokratikoaren oinarria jartzea, Euskal Herriaren etorkizuna, inolako muga eta inposiziorik gabe, euskal herritarren hitza eta erabakiaren esku uzteko erdietsi behar diren akordio politikoen bitartez.

- Adiskidetze nazionalean urratsak egitea, gatazkaren gordintasunak euskal herritarren artean ere sortu dituen zauri eta ezinikusiak gainditzeko helburuarekin. Ez da prozesu erraza izanen, baina herri gisa aurrera egiteko eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko beharrezkotzat jotzen dugu.

- Gatazkaren ondorioak eta konfrontazio armatuari lotutako salbuespen egoera guztiak gainditzea, akordio zabal bat lortuz eta berau bideratzeko estrategia adostuz horretarako.

Jakina denez, euskal eragile eta herritarren arteko adostasunak ez dira nahikoak hainbat eremuetan urratsak eman daitezen. Estatuen urratsak ezinbestekoak dira gatazka bere osotasunean konponduko bada. Horregatik, Euskal Herriak Espainia eta Frantziako Estatuek konponbidean egin behar dituzten urratsak behartzeko bere ahotsa ozen entzunarazi behar du, herri gisa jardun eta presioa eginez:

- Eskubide zibil eta politikoak defendatzeko.

- Euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzeko bidean.

- Euskal Herria desmilitarizatzeko.

- Eta, oro har, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatua izan dadin.

Erronka handia izanik, Estatuen lege, polizia eta inposizioen aurrean, euskal herritarren nahia eta konpromisoa da Euskal Herriak duen indargunea.

Askapen mugimendua indartzeko beharra

Euskal Herria une erabakigarrian aurkitzen da. Erronka itzelak ditu bere aurrean, euskal nazioa ezkerretik eraiki eta bakea eta askatasuna eskuratzeko. Horretarako, Euskal Herriak antolakuntza eta herri aktibazioaren pizkundea behar du.

Gaur omentzen ari garen gudarien etsenplua jarraituz, etorkizuna konpromisoa eta antolakuntzaren eskutik eraikiko dugu. Ekin diezaiogun. Lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskal Herrian, 2013ko Gudari Egunean

Euskadi Ta Askatasuna

E.T.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo