GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

61 DONOSTIA ZINEMALDIA

Kinielak eta sariak prest

Dena eman du jadanik Zinemaldiaren 61. edizioak. Film guztiak eskaini dira, kritika guztiak egin dira, izar guztiak Donostian dira edo bertatik igarota, eta itxiera galaren zain egoteko unea da. Kinielak eginda daude eta irabazlea jakiteko irrikan, Gehitu-k bere Sebastiane saria eman zion atzo Jean-Marc Vallee zuzendariaren «Dallas Buyers Club» filmari.

p050_f03_22988.jpg

M.L.

Zinemaldiaren 61. edizioa ixteko eguna da gaurkoa baita lehiaketa zein filmek irabazi duten argitzekoa ere. Guztira hamalau film luze eskaini dira Sail Ofizialean eta kinielak egin dira dagoeneko. Jakitunen artean, hiru dira saria jasotzeko faboritoak: «Le Week-end», Roger Michell-ek zuzendutakoa eta senar-emazte baten arteko erlazioari buruz hitz egiten duena; «Vivir es facil con los ojos cerrados», David Truebak sinatutakoa eta 60ko hamarkadako Estatu espainolerako itzulera bat dena; eta «Quai d'Orsay», Bertrand Tavernierrek zuzendutako lana, Estatu frantseseko kanpo gaietako ministroari buruzko satira politikoa.

Hala ere, jakina eta kontuan hartu beharrekoa da, gauza hauetan sorpresa ugari izaten direla itxiera galako sari banaketan.

Gala hori gaur izango da, 20.30ean, eta bertan, Sail Ofizialeko saria, Zuzendari Berrien saria, Horizontes Latinos saria eta Euskal Zinemaren Irizar saria banatuko dira, zuzenean bigarren urtez, «The Young and Prodigious T.S. Spivet» filma eskaini baino lehen. Lan hau Jean-Pierre Jeunet-ek zuzendu du eta bertan Helena Bonham Carter agertzen da. Aktorea Donostian izatekoa zen arren, bidaia bertan behera utzi du azkenean.

Gainera, Belodromoan saio berezia izango da gaur. Izan ere, 18.15ean «Hotzanak, For Your Own Safety», «Zela Trovke» eta «9 Mois Ferme» filmak eskainiko dira. Ondoren, 20.30ean, sari banaketaren ekitaldiaren zuzeneko emankizuna, eta 22.00etan, «The Young and Prodigius T.S. Spivet» filma emango dute hor ere, hiru dimentsiotan.

Filmak T.S. Spivet hamabi urteko jenio txikia du protagonista. Montanako arrantxo batean bizi da eta kartografiarako eta asmakizunetarako talentu handia du. Hala, zientzia erakunde batek sari bat emango dio eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.

Sebastiane saria

Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak, beste aldetik, urtero banatzen dituen Sebastiane sariak banatu zituen atzo. Irabazlea «Dallas Buyers Club» filma izan zen. Perlak sailean eskainitakoa, Jean-Marc Vallee du zuzendaria eta egiazko gertaeratan oinarritutako drama da. Matthew McCounaghey aktorea Ron Woodroof da, mediku-erakundearen eta enpresa farmazeutikoen hil ala biziko borrokan murgildu beharko duen gizona.

Gehitu-ren iritziz, gizarteak oraindik gaur egun GIBak lehendabizi ukitu zituen pertsonekiko duen zor historikoari buruzko filma da «Dallas Buyers Club». «Beharbada hauxe izango da era guztietako gay eta transexualek, etsita eta gizartearen gehiengoak baztertuta, beren biziraupenagatik borrokatzeko medikuei eta farmakoen industriaren interesei aurrea hartuz, elkar hartu zutela azpimarratzen duen lehen filma», zioen sariaren aktak.

Todd Haynes epaimahai ofizialeko presidentea izan zen saria banatu zuena, eta berarekin batera Jose Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, eta Paul Julian Smith, Horizontes Latinos saileko epaimahaikidea, izan ziren. Gainera, aipamen berezia egin zioten Mariana Rondonek zuzendutako «Pelo malo» filmari. Honek «ama batek bere seme txikia agian heterosexuala ez dela susmatzen duenean, horren beldurrez, bortizki nola baztertzen duen erakusten digu», Gehitu-ren iritziz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo