GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko Arriaga antzokiak bisita gidatu antzeztuak eskainiko ditu, egoitza modu berezian ikusaraziz

Musika eta antzerkia baliatuta, Arriaga antzokiak dituen txoko adierazgarrienak erakutsiko ditu aktore, abeslari eta musikariz osatutako boskoteak, bihartik hasita, urriaren 27ra arte, igande goizeroko bisitetan.

GARA | GASTEIZ

Antzerkia antzerkiaren bidez. Bihartik hasita, urriaren 27ra arte, igande goizetan (hilaren 6, 13, 20 eta 27an) errepikatuko den formula berritzailea aurkitu du Bilboko Arriaga antzokiak, eta antzokia aktoreek ezagutzen duten bezala bisitatzeko aukera izango da bisita antzeztu eta musikatuekin.

Arriagak duen ataria edo estilo inperialeko bolizko eskailera bezalako kokalekuetan (Europa osoan Parisen baino ez dago horien antzekorik), Gurutze Beitia eta Maribel Salas aktoreek, Itziar Unda sopranoak, Alberto Nuñez tenoreak eta Iñaki Maruri pianistak osaturiko boskoteak antzerkia eta hizketaldi surrealistak tartekatuko dituzte opera, zarzuela, kuple eta baita dantzarekin ere, bisitariak antzokiaren barrunbeetatik gidatuz.

Bakoitzak, Enrique Vianak bisitetarako sortutako pertsonaia baten papera jorratuko du: Gurutze Beitiak, Santurtziko sardina saltzailearena egingo du, Itziar Undak Arriagako bertako leihatilako sarrera-saltzailearena, Alberto Nuñezek foyer-eko (ataria) loreontzi bat interpretatuko du eta Iñaki Marurik, ostera, pilotariarena egingo du.

Emilio Sagi ideiaren sortzaile eta ikuskizunaren zuzendariak eta Enrique Viana eszena zuzendariak atzo egindako aurkezpenean, antzokiaren 2013-14 denboraldiko berritasun gisa nabarmendu zuten ekimena. Jakinarazi zutenez, igande bakoitzean bi bisita izango dira, 11.00etan eta 12.30ean, eta emankizun bakoitzean 80 pertsonak parte hartu ahal izango dute.

Sagi eta Viana antolatzaileen hitzetan, oholtza bat zapaltzea «esperientzia zirraragarria» da eta Bilboko publikoak hori sentitzea nahi dute, aktoreen ikuspegitik ikusita: «Bisitatuko dituzten toki bakoitzean aktore eta abeslariek pieza musikal dibertigarri bat edo antzerkiko elkarrizketa interpretatuko dute, beraz, amaierarako, errealitatean, benetako emankizun bat ikusiko da bisitaren aitzakiarekin», azaldu zuen atzo Vianak.

Hasierako sarrerak agortuta

Proposamenak berehalako erantzuna izan du Bizkaiko hiriburuan, izan ere, biharko zein urriaren 6ko sarrerak agortuta daude dagoeneko, baita urriaren 20 eta 27ko 12.30erako emankizunetakoak ere.

Emilio Sagik azaldutakoaren arabera, printzipioz, bisita hauek urrian bakarrik egiteko asmoa dute. Haatik, arrakasta erabatekoa balitz, datorren urteko apirilean errepikatzeko aukera ez dute baztertzen antolatzaileek, Joaquin de Rucobak XIX. mende amaieran egindako egoitza neobarrokoa erakusteko.

HARRERA ONA

Arrakasta izanez gero, datorren urteko apirilean errepikatzeko aukera ez dute alboratzen antolatzaileek. Dagoeneko agortu dira lehenengo emankizunetako sarrerak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo