Auzipetuek nazioarteko harreman bira egingo dute, euren oihartzuna indartzeko
35/02 eta 26/11 sumarioetan auzipetutako euskal herritarren ordezkaritza batek nazioarteko bira egingo du hurrengo astean. Bertan eragile politiko eta instituzionalekin bilduko dira urrian Auzitegi Nazional espainolean hasiko diren bi makroepaiketa politikoen berri emateko.
GARA | BILBO
Nazioarteko harreman bira bati ekingo diote datorren astean 35/02 eta 26/11 sumarioetan auzipeturiko euskal herritarrek. Bira honek helburutzat izango du Europako eragile politiko eta instituzional ezberdinekin bilkurak egin eta Auzitegi Nazional espainolean urrian izango diren bi makroepaiketa politikoen berri ematea.
Zentzu horretan, eta epaiketa aurrera doan neurri berean, auzipetuen presentzia nazioartean areagotu egingo dela iragarri zuten atzo Karmelo Landa, Carlos Renedo eta Aritz Petralanda auzipetuek Bilbon eskaini zuten prentsaurrekoan.
Biraren xehetasunei dagokienez, Estrasburgo eta Bruselas bisitatuko dituzte lehendabizi auzipetuetako batzuek. Bertan, Europako Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde ezberdinekin bilduko dira.
Beste talde batek Irlanda eta Eskoziara egingo du bidaia. Edinburgo eta Belfasteko Parlamentuetan bilkurak egingo dituzte bertako indar politikoekin. Dublingo Legebiltzarreko atzerriko arazoetarako batzordean ere izango dira.
Bihar Lekeitiora
Lan politikorako eskubidea etengabe urratzen dela adierazi zuen Landak, eta gogorarazi Herri Batasuna, Batasuna eta SEGIko kasuak daudela epaiketa hauetan. «Epaiketa hauen kontrako jarreran ez dugu elkartasuna eskatzen, ez dugu gure ideiekiko atxikimendua eskatzen, eskubide zibil eta politikoen defentsa baizik».
Eskubide hauek defendatzeko dei berezia egin zuten, bihar Lekeition ospatuko den Libre Egunera bertaratzeko, «jendearen konpromisoarekin» bidean aurrera egin ahal izateko.
Egun hau prestatzeak lan handia du atzean: boluntario gisa 200 pertsona baino gehiago aritu dira.
Lekeition ekimen ugari izango dira, 10.30etik aurrera. Portuan, «Elkartasunetik konpromisora» izenekoa, 12.30ean; eta plazan, ekitaldi nagusia, 13.30ean.