Gipuzkoako EHNEko zuzendaritzak presio fiskala handitzea leporatu dio Aldundiari
Gipuzkoako EHNEko zuzendaritza oso kritiko agertu da moduluen sistema murrizteko Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektoreari egin dion proposamenarekin, bere iritziz horrek presio fiskala handituko duelako. Hala ere, nabarmendu dutenez, eskatzen dutena «baserriaren izaera berezia kontuan hartzea» da, eta ez moduluak mantentzea.
Joseba SALBADOR | DONOSTIA
Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da hainbat sektore profesionalekin batera, moduluen sistema murriztu eta estimazio zuzeneko fiskalitatea ezartzeko, desberdintasunak eta iruzurra ekiditeko asmoz.
Izan ere, moduluen erregimen berezia profesional txikiei zuzenduta dago. Lursail eta abere kopurua hartzen ditu oinarritzat zergak kalkulatzeko garaian eta ez irabazi errealak. Aldundiaren proposamenaren arabera, sistema hori 60.000 euroko fakturaziora iristen ez diren baserritarrengana mugatuko litzateke eta, gainerakoek, diru-sarrera eta gastuen arabera ordaindu beharko lukete.
Gipuzkoako EHNEko zuzendaritzaren iritziz, ordea, sistema honek sektorearen zatiketa dakar eta burokrazia areagotu egiten du. Gainera, ez daude ados diru laguntzak beste sarrera ohikoekin alderatzearekin, Garikoitz Nazabal EHNEko bozeramaileak egunkari honi azaldu dionez.
Zein dira zuen arrazoi nagusiak Aldundiak moduluen sistemaren inguruan eginiko planteamenduari ezezkoa emateko?
Salmenten arabera fiskalitate ezberdin bat ezartzearekin ez gaude ados. Denok gara baserritarrak, eta denok gara baserria, ez dugu trataera bereziturik nahi, ez eta behar ere. Gaia lantzeko egin ditugun batzarretan asko azpimarratzen zen faktorea izan da hau. Planteatzen den sistema berriak burokrazia-betebehar are handiagoak ekarriko ditu sektorera, eta lehendik ere paper artean itota ibiltzera behartzen gaituzte. Eta bestetik, ez zaigu iruditzen lehenengo sektorearen egituraketa nolakoa den ikusirik (Nekazaritza Politika Bateratuaren eragina, merkatu librea, urte askotako politikak...), eta kanpotik baserritarroi sortu diguten laguntzekiko menpekotasunarekin, arinkeriaz erabil daitezkeen portzentajeak eta zenbakiak direnik diru laguntzak.
Sektorearen zatiketa ere aipatu izan duzue.
Esan bezala, ezarri nahi den marrak inolaz ere ez ditu modulu bidez egingo diren aitorpenak desagerrarazten; aldiz, sektore profesionalari eragingo lioke. Zergatik? Gehiengo handi bat kanpoan geratuko litzateke aipatzen den 60.000 euroko salmenta bolumenetik (gogoratu salmentak direla, ez irabaziak), eta beraz, ez dio moduluen desagerpen nahi horri ere erantzungo. Zer aurreratzen da?
Moduluen sistema, zuen iritziz, justua al da?
Ekidin ditzagun demagogiak eta ez ditzagun gauzak desitxuratu. Ez gara moduluak bai edo ez eztabaidatzen ari, gu ez behintzat. Fiskalitateaz ari gara. Modulu sistemak ona duena sinpletasuna da. Sektore oso zaharkitua da gurea eta oso errealitate berezia bizi duena. Zenbatespen zuzenenaren kasuan, «irabazien arabera ordaintzea» dela esan ohi da, baina horretarako emaitzak ere erreala behar du izan. Hor dator gure kezka, gastu guztiak ondo justifikatzerik ez dela izango. Baserriaren izaera berezia kontuan hartzea da eskatzen duguna eta ez moduluak mantentzea. Hori bai, zintzoak izan gaitezen. Ez dugu onartuko balizko «justizia» baten izenean presio fiskalaren igoera izatea ondorioa. Lehendik nahiko lan badugu familiak aurrera ateratzen, gerrikoa gehiago estutzeko zulorik ez da gelditzen eta!
Zergatik uste duzue lehen sektoreko beste erakunde batzuk ados agertu direla moduluak kentzearekin?
Zuzenketa txiki bat; sektoreko ezein erakunde ez da agertu moduluak kentzearen alde, eta aurrez aipatu bezala, kontra ere ez. Orain arte aipatutako terminoetan mintzatu gatzaizkio Foru Ogasunari eta idatziz ere jakinarazi gure pentsaera eta arrazoiak, eta honetan bai sektoreko adostasuna egon dela, bi sindikatuak EHNE eta ENBA, GIFE (Gipuzkoako Frisoi elkartea), Kaiku baserritarren kooperatiba, eta Gipuzkoan ditugun bi kudeaketa zentroek Lurgintza eta Abelurrek babestuta.
Gizarteari eskaintzen dizkiozuen zerbitzuak ere aipatu dituzue. Nola kuantifikatu daitezke zerga-sisteman?
Presio fiskala igota ez behintzat. Baserriaren funtzioak eta baserritarron lana, kalitateko elikagaien ekoizpenean, ingurugiroaren zaintzan (jan, edan eta arnasten dugunaren zaintzaile gara, lantzen ditugun larre, soro eta basoekin), baita aktibitate ekonomiko bezala ere (lanpostu eta aberastasun sortzaile gisa) errekonozituko duen politika fiskal bat behar dugu. Gure produktuen salmentatik bizitzen ez digute uzten, eta diru laguntzez epeldu nahi izaten da gabezia hori, eta orain sarrera horiek ohiko balira bezala kontuan hartu? Sektoreak bizirautea nahi dugun edo ez galdetu beharko genioke geure buruari, eta baserritarrak bere lanean jarrai dezan eta gazte gehiagok hautu hori egin dezaten, bere ordaina zein izan beharko litzatekeen pentsatu. Aipatutako mesede horiengatik, urtean sartzen ditugun lan ordu horiengatik (3.000tik gora), herri honen burujabetzaren lehengo ardatza behar duena mantentzeagatik, elikadura hain zuzen. Badakigu sektorearen arazoei soluzioa eman behar diena ez dela Foru Ogasuna, baina nekazaritza politikekin ezer hobetzen ari ez direnean, beste aldetik gehiago estutzea zentzuzkoa al da?
«Modulu sistemak ona duena sinpletasuna da. Zenbatespen zuzenaren kasuan, `irabazien arabera ordaintzea' dela esan ohi da, baina horretarako emaitzak ere erreala behar du izan. Hor dago gure kezka, gastu guztiak ondo justifikatzerik ez dela izango».
«Badakigu sektorearen arazoei soluzioa eman behar diena ez dela Foru Ogasuna, baina nekazaritza politikekin ezer hobetzen ari ez direnean, beste aldetik gehiago estutzea zentzuzkoa al da?», galdetu du Nazabalek.
Gipuzkoako EHNEko zuzendaritzaren adierazpenek sindikatu barruan zuzendaritza hori aintzakotzat hartzen ez duen taldearen erantzuna jaso dute eta sektorea ordezkatu ez izana egotzi diote. Gogoratu beharra dago duela hilabete batzuk zuzendaritzako kideen erdiak baino gehiagok dimisioa aurkeztu zuela eta kongresu berria deitzeko eskaera mahai gainean dagoela oraindik.
EHNE Biziberritu taldeko kide Joxi Azpillagak dioenez, zuzendaritzak zerga sistemaren inguruan hartu dituen erabakiak «telefonoz bidalitako mezu baten bidez» deitutako bilera batean hartu ziren, «ez sindikatuaren organuen baitan». Horregatik diote Gipuzkoako zuzendaritzan geratu diren lau kideek ez dituztela baserritarren interesak ordezkatzen eta «protagonismoa irabazteko» egin dituztela adierazpen horiek.
Moduluen sistemaren inguruan, Azpillaga bat dator baserritarren jarduna ezin dela beste sektore ekonomiko bat gehiago bezala ulertu esaterakoan, baina aldi berean, ez du zentzuzkotzat jotzen urtero berdin ordaintzea, «urte ekonomikoa oparoa ala deskalabrua izan». Horregatik, derrigorrezkotzat jotzen du etekin edo galeren araberako zerga sistema; alegia, «etekin gehien ateratzen duenari gehiago ordaintzea tokatuko zaiona eta, aldiz, urte txarra izan duenari lagunduko diona».
Azkenik, EHNE Biziberritu taldeak «deigarritzat» jotzen du Gipuzkoako zuzendaritzako kide hauek sektoreko gehiengo batek Aldundiari egin dioten proposamenetik «bere kabuz kanpoan kokatu izana». Proposamen hori Lurgintza, Enba, Abelur, Gife eta Kaikuk sinatu zuten. GARA