Lurzoruaren degradazioa ikaragarri garesti ateratzen zaio munduari
40.000 milioi dolarreko galerak eragiten ditu urtean munduan lurzoruaren degradazioak eta lurraren kudeaketa egokiak askoz ere elikagai gehiago ekoiztea ekarriko luke, NBEk egin duen ikerketaren arabera.
Julio Cesar RIVAS (Efe) | TORONTO
NBE Nazio Batuen Erakundeak egin berri duen ikerketaren arabera, lurraren kudeaketa egokiago batekin 2.300 tona janari gehiago ekoiztuko lirateke mundu osoan, eta elikagai horien prezioa ez da baztertzeko modukoa: 1,4 bilioi dolar inguru.
Ikerketaren egileek nabarmendu dutenez, lehenbailehen irabaziak lortzeko joerak eragiten du ahal den gai guztiak ateratzea lurretik, eta kudeaketa hori ez da jasangarria eta horregatik iristen da degradazioa.
Richard Thomas NBEko Ur, Ingurumen eta Osasunaren Institutuko ikerlaria lanaren zuzendarietako bat izan da. Kanadako Hamilton hirian egoitza duen erakundearen arabera, lehorreko lurren ia %20 degradatuta dago. Baita ereiteko moduko lurren %24 ere. Horren eraginez, bioaniztasuna eta produktibitatea kaltetuta daude.
«Lurzoruen degradazioaren ekonomia» izenburuko lanak eskainitako datuek diote fenomeno horrek 40.000 milioi dolarreko kalteak eragiten dituela munduan, urtero.
Egoera horrek nekazaritza eremu pobreenetako biztanleak kaltetzen ditu, batez ere, horiek lurrak ematen diena besterik ez baitute izaten bizirik irauteko. 1.200 milioi kaltetu, hain zuzen.
Gainera, arazoa hazten ari da, adituek adierazi dutenez. Planetako lehorreko lurretan, 2.000 milioi pertsona inguru bizi diren horietan, urtean 10 milioi hektarea inguru (Austriaren azalera, gutxi gorabehera) galtzen dituzte, lur goldagarriak bukatu egiten zaizkie.
Degradazioa lurraren kudeaketa ezegokiaren ondorio da. Arazoa larriagotzen dute hainbat faktorek; hots, lehorteekin zerikusia duten goseteek, janari asko dagoela dioen uste okerrak, Europako janari erreserba handiek, muga irekiek, diru laguntzak jasotzen dituztelako oso merke ateratzen diren elikagaiek, lurraren salneurri merkeegiek eta nahikoa ur eta energia izateak.
Thomasek Eferi esan dionez, lurzoruaren degradazioaren arazoa orain arte ez dute kontuan hartu ez gobernuek ez ekonomialariek, fenomenoa dirutan neurtu ez dutelako, «nahiz eta 2009an adierazi genuen degradazioari zenbaki ekonomikoak jartzeko ahalegin gehiago egin behar zirela. Zenbaki ekonomikoak ulertzen dituzte Ekonomia ministroek, gero aurrekontuak idazten dituzten agintariek, alegia».
Adituek diote 2050ean 9.000 milioi pertsona inguru biziko direla planetan. Horrek eskatuko du gaur egun baino elikagai gehiago ekoiztea, %70-100 gehiago. «Lurraren produktibitatea hobetzen ez bada, kalkulatu dugu urtean 6 milioi hektarea berreskuratu beharko direla nekazaritzarako; hau da, Norvegiaren azalera. Egoera horretan egongo ginateke urte askoan, eskariari aurre egin ahal izateko». Bere iritziz, azken bost urteotan sektore pribatua konturatu da baliabide naturalen iturriak desagertzen ari direla eta horregatik orain birziklatzearen aldeko jarrera nagusitzen ari da. Atzerriko inbertsiogileek gero eta lur gehiago erosten dute, «mundua esnatzen ari denaren seinale».
2007az geroztik, atzerriko inbertsiogileek lurra erosi edo alokatu egiten dute mundu osoan, baina inbertsio horiek ez dira nahikoa izango hazten ari den janari eskariari era egokian erantzuteko
«Lurzoruen degradazioaren ekonomia» izenburuko lanaren arabera, urtero 30.000 milioi dolar inguru inbertitu beharko lirateke munduko pertsona guztiak elikatu ahal izateko