Julen MURGOITIO
Protesi beteko anatomia
Ama, ama! Hamaika ikusteko jaioak gara! Kontuak kontu, beheko Estatu antzeko horretan izan naiz egunotan. Goizean hoteleko mahaiaren gainean ziren egunkarien arteko bat hartu eta begirada arina eman izan diot, informatze aldera edo. Orritan hasi eta, hara!, hezurrak ikusgai! Ez azalik, ez mamirik, hezur hutsak baino ez. Hara!, pentsatu nuen kolpean, anatomia orriak dira, aldizkariren batekoak edo! Mahaira hurbildu, hantxe zirenak zabaldu, begiratu eta, bai zera!, denak egunkari eta denetan hezurrak ikusgai! Hau kolpea! Non demontre egin dut lo?, pentsatu nuen. Kanpora atera, eraikinari begira paratu eta bai, hotela zen, ez ospitalea! Berriro sartu eta momentuak eskatzen zuen hoztasunaren patxadaz nire zalantzak behingoz uxatzea deliberatu nuen. Pirinioetan berrikitan topatutako hartz inurrijale fosildu batenak, seguruenik, pentsatu nuen neure baitan. Lerdoa halakoa! Irakurtzen hasi eta, bai zera!, ez dakit nongo monarka batenak ziren eta, XXI. mendean pentsatu zitekeenaren kontra, fosildu gabea! Are gehiago, politika orrietan zen albistea, horri albiste esatea gehiegikeria bada ere, atera kontuak berria esatea! Tira, harira! Protesiak gora, protesiak behera, editorialetik kontaktuen mezu txikietaraino, eskela politikoetan gelditu gabe.
Protesi politikoak modan, Estatuaren anatomia ustelduan. Hortaz, gaur jelkideek urteko eguna dute, urtean urtekoa, etxera sama hartuta bueltatzekoa. Eta ezpainak bero... «I am Basque» lelopean, Altubeland hartu dute, lehen Salburualand hartu bezala. Aireportu zaharretik berrira egin dute bira. Hau kolpea! Lurreratze-pista beste batzuek behar dutela esan eta eurek aireporturik aireportu; hori bai, alokairuan, kontrol-dorrearen jabetza behean dute eta! Ahaztu egingo bide zaie gaurko hizlariei protesi hori aitortzea. Ahaztuko bide ere biharko anatomia propioaz ausartzea. Hauek ziaboga biribilgunean egiten dute, jakinda horretan eskumatik datorrenari eman behar zaiola bide; edo ezkerretik datorrenari ere, beheko Estatutik baldin badator! Tira! Inguruko landetan boletus edulis diren bitartean.... Beheko land hartatik aginduko bide da ordu-erreforma ere. Hori horrela, akabuko harmonizazioa Bidasoaren alde bietan. Orain arteko distantziak ordu bete gehiago izango du. Ebrok Basqueland protesia harmonizatu dezake, baina ez Basque Countryko anatomia.