GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eragile guztien lankidetza eta Euskal Curriculuma bultzatu nahi ditu Tellituk

Ikastolen Elkarteko presidenteak ongietorria eman zion atzo Euskal Curriculuma eta Hezkuntza Legea adosteko Lakuak eragileei aurkeztu zien plangintzari. Bestalde, Koldo Tellituk Bilbon urriaren 12an LOMCEri ezetz esateko manifestazioan parte hartzera deitu zuen.

p021_f01.jpg

GARA | ANSOAIN

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk erakunde eta hezkuntza arloko eragile guztien kooperazioa eskatu zuen atzo, Euskal Curriculuma garatu eta euskal Hezkuntza Legea aurrera ateratzeko. «Garatu eta arautu dezagun denon artean adostu genuen Euskal Curriculuma, eta eman diezaiogun babes juridikoa. Egin dezagun Hezkuntza Lege berria, sare publiko eta kontzertatuen arteko dikotomia antzua alboratuz, bakoitza bere izaeratik, berdintasunean, finantzaketa egokiarekin, baliabide eta aukera berberekin», adierazi zuen.

Tellituk, atzo Ikastolen 2013-2014 ikasturtearen hasiera ospatzeko Andoainen egin zen ekitaldian, eragile ezberdinen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo zuen Madrildik eta Parisetik datozen erasoei aurre egiteko. «Elkarlana ari gara eskaintzen, beti prest izango gaituzue horretarako. Era berean, jarraipen zehatza egingo diegu epeei eta edukiei, mahaia gainean jarritako proposamena osotasunean ulertzen dugulako», azaldu zuen.

Ikastolen Elkarteko presidenteak, gainera, datorren urriaren 12an Bilbon LOMCE legearen aurka egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen, eta lege horren «eragin negatiboak» ekiditeko neurriak eskatu zituen. «Espainiako Gobernuari erakutsi behar diogu ez dugula onartzen inposatutako hezkuntza erreforma atzerakoi eta doktrinatzailea», nabarmendu zuen Tellituk.

Ipar Euskal Herria

Bestetik, Ipar Euskal Herrian 1850. urteko lege batean oinarrituta, Baionako suprefetak ikastolen garapena geldiarazi nahi izan duela salatu zuen. «Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolek zuzen-zuzenean jasan dute erasoa. Baina ez dira Hendaia eta Beskoitze bakarrik, Seaskaren ikastola guztiak daude mehatxupean», ohartarazi zuen.

Aipatutako erasoen aurre eginez, Ikastolen Elkarteak Ipar Euskal Herriko ikastolen garapena sustatu eta garatuko duela iragarri zuen. «Erakunde publikoei harturiko engaiamenduak bete ditzaten presio eginez, herritarren eraginez, eragileen batasuna bilatuz, eta kalean egon behar bada, kalean egonez».

Helburuak

Ikastolen Elkarteak hiru helburu ditu; Euskal Curriculuma garatzen jarraitzea, Ikastolen Lan Hitzarmena adostea eta kooperatiben inbertsio deialdiaren negoziazioa bultzatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo