ESTILO LIBURUA
Egunean bi minutu
Iker ZALDUA
Aitortzen dut, bi egunetan, bi irakurralditan irentsi dut liburua. Aitortzen dut, ez da liburu bat irakurtzeko modurik gomendagarriena izaten, zukuak alde egiten du lasterketan. Liburu honi dagokionez gainera, gomendagarria ez ezik, ia ezinbesteko iruditzen zait astiro eta lasai irakurtzea. Zehazki esatera, 99 irakurralditan; izan ere, 99 dira atalak, parabolak, testuak edo proposamenak. Bakoitzak orrialde bakarra betetzen du. Horrenbestez, proposatzen ari naizena agerian dago: eguneko orrialde bat. Ahal dela gosaritan, egunkari elektronikoan nahasi beharrean, irakurri eguneko testu bat. Egia da, luze joko lukeela azkenean, hiru hilabete pasatxo alajaina!, baina egokiena hori litzateke. Aurrerago adieraziko dut zergatik, gomendioak emateko estatusean ez banago ere.
Versus da protagonista, nolabait esatearren. Egia da uharte ñimiño batean harrapaturik dagoena Versus izeneko naufragoa dela, egia da bere gogoetak eta bere burutazioak besterik ez direla agertzen. Bai, beste subjektu batzuk ere agertzen dira, baina Versusen beraren pentsamenduan baino ez, batzuk fikziozkoak, beste batzuk are gehiago. Haatik, Versus izen bat baino ez da, edo ezizen bat, zurea edo nirea izan daitekeen ezizena. Uhartea gure mundua izan daiteke, uhartea gure errutina izan daiteke, gure konformismoa, gure jokabide automatiko aurrez programatua. Finean, 99 egoera ezberdin dira, Versus ageri da erdian eta egoera bakoitzaren aurrean izaten duen erantzuna edo erantzunik eza, izaten dituen burutazioak, ametsak, amesgaiztoak liluramenduak. Hori da irakurriko duguna. Egoera horiek, baina, egunero azaltzen zaizkigu gure burbuilaren albotik igarotzen. Agertokia aldatu eta gure burua kokatzen badugu, gu Versus izango gara. 67. atalean ere Linazasorok horrela dio «Versusek inork ulertzen ez dituen ehunka eta milaka gauza egiten ditu, baina gu ez gara nor ere. Ez, gu ez gara nor».
Horregatik, egin dut egunero atal bat irakurtzearen gomendioa, horregatik gosaritan, eguna hastearekin batera. Kordea gal ez dezagun automatikoki programatutako bizitza honetan, kordea mantendu eta zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun pentsatzeko. Egia da atal batzuk lausoan itzaliko direla, ez digutela erantzunik iradokiko, eta horregatik tentazioa izango dugu hurrengora jauzi egiteko. Baina, beste zenbait atalek dardara eragingo digute, eta gogoa emango digu testu-zati hori ebaki eta patrikan sartzeko, hainbat eta hainbatetan irakurri ahal izateko. Batzuk kamutsak dira, beste batzuk zorrotzak. Estilo liburu bat da, estilo ariketa bat egin du Linazasorok eta joko hori proposatu digu, azpitituluak metaliteraturaren hizkuntzan ezarrita; izan ere, ez dira gutxi ageriko (besteak beste, Shakespeare, Woolf, Verne edo Atxaga bera) nahiz ezkutuko (hori zuen esku utziko dut, arakatu!) aipuak. Bada, guk ere ariketatxo hori egin beharko genuke, liburuaren asmoa borobiltzeko, idazleak liburua idatzi du, irakurleak irakurtzen duenean ixten da zirkulua. Kasu honetan, jolasa proposatzen duela iruditzen zait, zirkulua jolastuz itxiko da. Egunean bi minutu, hori da jolasaren arau bakarra.