GARA > Idatzia > Kultura

Sarrera guztiak agortuta jokatuko da gaur Txapelketa Nagusiko lehen saioa Amasa-Villabonan

«Sarrerak agortuta» kartela zintzilikatu behar izan dute atean lehen saiorako. Jendea gogoz dago atearen eskutokiari tira egin eta barrura sartzeko, Txapelketa Nagusia toki ona izaten baita bertsozalearentzat.

p056_f02.jpg

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Lehendabizi Behar-Zana pilotalekutik Olaederra kiroldegira aldatu zuten saioa, 700 lagunentzako jarleku kopurua 920ra zabaltzearren. Eta ostiral arratsalderako, erabaki hori hartu eta ordu gutxira, «sarrerak agortuta» kartela eskegi behar izan zuten. Hortik eman dakioke tankera pixka bat gaur bertan hasiko den Txapelketa Nagusiari, hamaseigarrenari. Bertsozalea gogoz dagoela, alegia, eta antzeko egongo da bertsolaria. Azken hilabeteotan etxean, bertso eskolan, bakarka nahiz taldeka egindako lanaren emaitza agertu nahiko du bertsolariak oholtza gainekoan. Asmatzea izango da gakoa.

Gaur eltzea sutan jarriko dutenak Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira. Fredi Paia da Txapelketa Nagusian eskarmentu handiena duena, laugarrenez arituko baita. Jon Martin eta Iker Zubeldiarentzat hirugarren Txapelketa Nagusia da; Nerea Elustondorentzat, bigarrena, eta Alaia Martinentzat, estreinakoa.

Kanporaketa fasean honako lana egin beharko dute bertsolariek: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian. Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian. Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso. Eta, azkenik, kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Gaurko saioko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta gainerakoek azken puntuazioaren zain egon beharko dute. Izan ere, lehen kanporaketa hauetan 36 bertsolari abiatuko dira, eta horietatik 18k izango dute tokia hurrengo eskaileran. Han daude zain 2009. urteko sei finalista (Andoni Egañak ez du izena eman eta Maialen Lujanbio zuzenean finalean dago). Finalaurrekoak bi itzulitan jokatuko dira; Lehenengoan 24 bertsolarientzat izango da tokia eta, bigarrenean, 18 bertsolarirentzat. Hor berriz estutuko da inbutua, finalean zazpi baino ez baitira kabituko Maialen Lujanbioren ondoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo