Oñatiko txosnak, festa sumendia «herrittik herrixandako»
Txantxikua elizako kanpandorretik txosnetara jaitsi ohi da. Badaki, bai, non lurreratu! Atzo ilunabarrean ailegatu zen galtza eta tirante gorridun apoa, festa giroa zabaltzeko irrikaz, eta beso zabalik hartu zuten oñatiarrek. Debagoieneko herri honetan hiru gune nagusitan banatzen da parranda: plaza, Atzeko Kalea eta txosnagunea. Azken honen berri emanen dizuegu orrialde honetan, batzordeak proposatutako ekintzetan barneratuz.
Maider IANTZI | OÑATI
«Herrittik herrixandako» sortutako espazioa da Oñatiko txosnagunea, umore onaren epizentroetako bat San Migel eta Errosarixo jaietan. Atzo iluntzean Txantxikua elizako kanpandorretik txosnetara jaitsi zen eta justu hamabi ordu geroago, goizeko zortzietan, argazki erraldoia ateratzeko elkartu dira gaupaseroak eta mendizaleak. Gazteenek badute aitzakia gaupasa egiteko, gurasoek ulertuko dute argazkian egon beharra dutela... Tartean, gaueko hamaiketan hasita, danborrada nagusian parte hartu zuten, bigarren urtez beren konpartsarekin eta Oñatiko txarangarekin. Iaz baino lagun gehiago atera ziren, adin guztietakoak. Ia 300era iritsi ziren. Pilota txapelketako finalaurrekoak egin zituzten arratsaldean, eta gaur finalak jokatuko dituzte. Guztiz zabala da lehiaketa hau.
Iñaki Guridi Txosna Batzordeko kideak nabarmendu duenez, eraso sexisten aurkako protokoloa jarri dute martxan aurrenekoz. Bi arduradun daude beti txosnagunearen funtzionamendua zaintzen, eta hauen lana da erasorik egon ez dadin bermatzen saiatzea ere. Baldin badago, hartu beharreko neurriak ezarrita dituzte.
Kutsadura saihesteko lehenengo pausoa berrerabiltzea dela konbentzituta daudenez, zaborra gaika banatzeaz gain, edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte eta etorriko direnei deialdia egin diete etxean halakorik badute ekartzeko.
Datorren asteburuko jaiei dagokienez, ostiralean laugarren Egun Morea eginen dute, bazkari feministarekin, olinpiadekin, «transmaribollo» kalejirarekin eta karrikaldiarekin. Guridik kontatu duenez, karrikaldian oholtzarik gabe emanen dituzte kontzertuak, lasto fardoen artean, jendea jolasteko. Larunbatean, Herri Egunean, euskal preso politiko eta errefuxiatuei omenaldia eginen diete, eta igandean, paella-jana eskainiko dute. Gaztetxean lo egiteko aukera egonen da eta sukaldean lortutako dirua «Berria»-ri emanen diote.
Urriaren 7an Oñatiko kuadrillak mozorrotuta aterako dira goizetik, eta egun osoan kalean egon daitezen, 400-500 pertsonarentzako paella-jana eskainiko dute txosnagunean, postre, mahai eta edariez gain.
Arroza jan ondotik, arratsaldean, Di-bertsioekin dantza eginen dute. Oñatiko musikariek hainbat talderen bertsioak joko dituzte herritarren gustuko ekimen honetan.