GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Egoitz Isasi, Goizargi Santa Teresa STEE-EILASkideak

Haur etxeei buruz beste ikuspuntu bat

Haurren zaintzaz arduratuko diren langileek jasotzen duten formakuntza eskasarekin ez dago arlo pedagogikoa bermatzerik

Irailaren 16an GARAn argitaratutako «Casas nido, calor de hogar en las horas de guardería» artikuluari buruzko hainbat ideia helarazi nahi dizuegu. Gure helburua gai honen errealitatea beste ikuspuntutik deskribatzea da.

Haur etxeen proiektua iparraldeko herrialdeetan orain dela 35 urte martxan jarri zela argudiatzen dute (herrialde hauetatik datorren guztia ondo omen dago beti). Beharbada, hemengo ibilbidea orain dela 35 urte hasi bazen desberdina izango litzateke gaur egun. Esan beharra dago, proiektu hau indarrean dauden lurraldeetan desagertzeko zorian dagoela, Frantzian esate baterako. Beraz, ez da saldu nahi diguten hain aurrerakoi eta modernoa.

Iniziatiba hau PSE Gobernuan egonda sortu zen eta bere oinarria edo helburua itxurakeria besterik ez da. Hau da, luzarora administrazioari merkeago aterako zaion inbertsioa da. Izan ere, lehen urte hauetan subentzioak jasotzen ari dira, baina helburua autonomoa bilakatzea da. Dagoeneko Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro inguru bideratu ditu haur-etxe batzuetara, krisi garaian eta zerbitzu publikoen murrizketak pairatzen ari garen urte hauetan.

Badira 10 urte Haurreskolak Partzuergoa sortu zela. Momentu honetan 230 haur-eskola daude martxan, milaka ume pasa dira bertatik eta ehunka lanpostu sortu. Eusko Jaurlaritzak, ordea, Partzuergoko sarearen bidez kalitatezko zerbitzu publiko unibertsal eta doakoa bultzatu beharrean, horren aurka harriak botatzen hasi da. Partzuergoko kuotak kendu beharrean Haur Etxeen zerbitzua martxan jartzean, haur hezkuntzako lehen ziklo hau pribatizaziorako bidean jarri dute eta hau gutxi izango balitz, berriro ere emakumea etxera eta espazio pribatuetara bultzatzen ari dira.

Haur Etxeak proiektua kalitatezko hezkuntzatik oso urrun dagoen eredua da, eta haurren zaintzaz arduratuko diren langileak jasotzen duten formakuntza eskasarekin (200 ordu), ez dago arlo pedagogikoa bermatzerik. Haurreskolak Partzuergoan berriz, profesionalak diren hezitzaile hauen formazio kualifikatua gutxienez 2.500 ordutakoa da eta maisu/maistrak edo haur hezkuntzako teknikariak dira. Aipagarria da ere, Haur-etxeetan zaintzaileek bizi duten bakardadea, langile bakarra egoteko diseinatuta baitaude. Haur-eskoletan hau gertatu ez ezean, hez- kuntza talde bezala lan egiteari garrantzia ematen zaio. Hori dela eta, Haur-eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propio aurrera eramaten du.

GARAn argitaratutako artikuluan, Haur-eskolak masifikatuta daudela eta bertako hezitzaileak haur bakoitzari beharrezko denbora eskaintzeko aukera ez dutela aipatzen duzue. Haurreskolak Partzuergoko errealitatea ondo ezagutzen dugunez gero, zoritzarrez 4.000 plaza inguru libre daudela egiaztatu dezakegu. Honen arrazoia, Eusko Jaurlaritzak familiei exijitzen dizkien kuota altuak dira. Bestalde, haur-eskoletako gela bakoitzeko ratioak kontuan izanda legeak dioen hezitzaile kopuruaren goitik gaude. Beraz, legearen arabera hezitzaile bat nahiko bada gela bakoitzeko (gure ustez gutxiegi), haur-eskoletan haurren beharrak asetzen direla argi dago.

0-3 etapa asistentziala izateaz gain, hezitzailea ere badela urteak daramatzagu aldarrikatzen, eta Haur-etxeak bezalako proiektuen aurrean gogor jarraituko dugu 0-3 zikloa publikoa, unibertsala eta doakoa izan behar dela defendatzen. Hori dela eta, Haur-etxeen proiektu pribatura bideratutako dirua, sektore publikora bideratzea eskatzen dugu (haur-eskolen kuota jaisten, beka sistema handitzen...).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo