«Sormena bultzatu eta merkataritza suspertu» nahi du aurtengo Getxoarte ekimenak
Urriarekin, badator Getxoarte 2013 ekimena. Aurten eredu berritzaile baten aldeko apustua egin dute; izan ere, Getxoko merkataritza eta ostalaritza guneetara eramango dute artea, 47 euskal artistaren lanen bidez.
Jonebati ZABALA | BILBO
Eredu berria dakar aurtengo Getxoarte ekimenak. Getxoko merkataritza eta ostalaritza guneak «erakusketa gune» bihurtu dituzte; izan ere, bertan hainbat euskal artistaren lanak egongo dira ikusgai. Ohiko erakusketa eredua bertan behera utzi eta «arte hurbilagoaren» aldeko apustua egin dute antolatzaileek: artea kalera ateratzea, hiriarekin bat egiteko, «integratzeko». Hartara, sorkuntza artistikoa sustatu eta merkataritza suspertu nahi du Udalak.
Urriaren 1ean hasi eta 31n bukatuko da Getxoarte 2013. Ikusle talde heterogeneo bati zuzenduta dago Getxoarte. Pintura eta arte kontzeptuala, eskultura, grabatua, marrazkia, ilustrazioa eta argazkigintza. Orotariko diziplinak landu dituzte 47 euskal artistak. Areeta, Algorta eta Erromoko 119 merkataritza eta ostalaritza lokaletan erakutsiko dituzte euren lanak. Epaimahai batek aukeratu ditu artistak, eta aurten adin mugarik jarri ez badute ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, gazte asko daude, gehienak EHUko Arte Ederretako Fakultatean ikasitakoak.
Getxoarte 2013 Getxoaktibatu! ekimenaren baitakoa da. Kirol, kultur eta aisialdiko ekitaldien programa zabala dago, eta udalerriko merkataritza kaleak dinamizatzea du helburu. Apirilaren 26an hasi zen, eta ordutik 60 jarduera egin dituzte, baita Ur Jaialdia eta Street Culture Jaialdia ere.
Bisita gidatuak
Era didaktikoan hurbiltzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte; urriaren 17an, ostegunean, 18.30etik 19.30era, Erromo-Areetan (gaztelaniaz), eta Algortan (euskaraz); urriaren 19an, larunbatean, 12.00etatik 13.00etara, Erromo-Areetan (euskaraz) eta Algortan (gaztelaniaz). Aurrez izena eman ahal izango da urriaren 7tik aurrera Algortako Kultur Etxean. Gehienez 20 pertsonak parte har dezake bisitaldiko.