GIZA ESKUBIDEEN ALDEKO BORROKAREN AURKAKO MAKROSAREKADA
«Herriaren ordua» dela berretsi du Iheslari Politikoen Kolektiboak
EIPK euskal jendarteari eta nazioarteko komunitateari zuzendu zaie pairatzen ari den «jazarpen errepresiboa» gorabehera, konponbideranzko bidea jorratzeko hartutako konpromisoa berresteko. Herri-gogoa piztua bada, «etorkizun librea irabaziko» dutela ziur adierazi du.
GARA | DONOSTIA
Ekainaren 15ean Biarritzen plazaratu zuten mezua berretsi du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK), «Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari soluziobide demokratikoa» ematearren beren ekarpena egiteko prest daudela eta konponbidearen «bermea» herria den heinean, herritarren tenorea dela, alegia.
Zeregin horretan «buru-belarri» dihardutela dio Kolektiboak, «munduan barreiatutako lagunekin loturak estutzen, nazioarteko eragileak informatzen eta euskal jendarte eta eragileekin harremanak trinkotzen».
EIPKren ustez, Frantziako zein Espainiako estatuek gatazka konpontzeko «interesik» ez dute: «Aldebiko prozesurik ez dute garatu nahi eta alde bakarretik urratsak eginez egoera berriak sortu nahi ditugunoi eragozpen guztiak jarri nahi dizkigute. Egoera lokaztuta nahi dute, euskal herritarren gogoaren eta nahiaren beldur direlako».
Jazarpenaren azken adibideak
Hala, «egoera berrian iheslarion aurkako salbuespeneko neurriak bertan behera utzi beharrrean, nazioartean presioa handitzeari eta euroagindua bezalako mekanismoekin jazarpenari eusten» diotela nabarmendu dute. Venezuelan berriki atxilotutako Asier Guridi, Jokin Aranalderen aurka onartutako euroagindua edota Patxi Segurolaren estradizioa, «jokamolde horien azken adibide garbitzat» jo dituzte.
Nolanahi ere, beren hautuari «tinko» eusten diote: «Gatazka elikatu duen osagai batek berak ere ez irautea dugu helburu. Hori da ondoko belaunaldiei egin nahi diegun ekarpena, berriro inork inoiz urteotako ondorio gordinak pairatu behar izan ez ditzan. (...) Konponbidea arazoaren muinari eta ondorioei ematea, hori nahi du Euskal Herriko gehiengoak, bai eta geuk ere».
«Iraganeko egia osoa ezagutuz» eta oinarri demokratikoak jarriz, «etorkizuna modu konpartituan eraikitzeko ariketan» parte hartzeko prest agertu dira.
Alta, bide hori burutzeko, «eragileen eta herritarren hatsa» eta «nazioarteko komunitatearen ekarpena behar-beharrezkoa» dutela gaineratu dute.
«Iheslarien aferekin» zerikusia izan dezakeen orori eskaera zehatza egin diote: «Babesa eman dezaten edo, gutxienez, dinamika kaltegarriei bide eman ez diezaioten eskatu nahi diegu. (...) Bereziki gizarte justuagoak aldarrikatzen dituzten munduko gobernuei Espainiako eta Frantziako presio bidegabearen aurrean ez dezatela amore eman eskatzen diegu».
Bukatzeko, oztopo guztien gainetik, «herri gogoa eta aktibazioa piztuak badira» konponbideak aitzina egingo duen uste osoa dute: «Berriro diogu: Herriaren ordua da, Herria dugu arnas eta berme. Guztion arteko ahalegin eta borrokaz irabaziko dugu etorkizun librea».
Segurola espetxeratua
Bestalde, Estatu frantsesetik joan den ostiralean estraditatu zuten Patxi Segurola kartzelatzeko agindua eman zuen, atzo, Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak. Soto del Realeko espetxean dagoen aginagarraren askatasuna eskatzeko mobilizazio jendetsuak egin dira Usurbilen asteburuan, baita atzo bertan ere.