GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen afera oinarri, topaketa ekologista egingo dute Donostian

GARA | DONOSTIA

Azaroaren 1, 2 eta 3an, «Hondakinen maitale» izeneko topaketa egingo dute Donostian, hondakinen kudeaketa ardatz izango duena. Atzo ekimena aurkezteko prentsaurrekoa eman zuten errauste plantaren aurkako plataformako kideek. Maria Luisa Sanchez bozeramaileak azaldu zuenez, «nabaria da Gipuzkoan errauskailua eraikitzeko proiektuak izan duen aurkakotasun soziala, horregatik jaio dira bilketa selektiboan sakontzen duten proiektuak».

Hondakinen kudeaketaren baitako esperientzia trukaketa egingo dute hiru egunetan zehar, eta hitzaldiak antolatu dituzte horretarako. Protesta ekintza bat ere egingo dute jardunaldien amaieran, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Topaketa honen 23. edizioa izango da aurtengoa eta Donostian egiten den lehen aldia da. «Birziklatzearen zikloa itxi egin behar da, nahiz eta hori 40ko hamarkadara atzera egitea dela iruditzen zaien batzuei. Europan gero eta gehiago jotzen dute birziklatzera eta berrerabilpenera», adierazi zuen Kepa Olaiz sindikalistak.

Atez ateko zabor bilketa sistema erabiltzen duten udalerrietako zinegotziek hartuko dute parte jardunaldietan, baita Estatu espainiarreko talde ekologistetako kideek ere. Hala, Ricardo Ortega Sanmarkoko lehendakari ohiak, Jose Miguel Edeso EHUko irakasleak edota Cadaques herriko (Girona) talde ekologistak gai honen gainean duten ikuspuntua ezagutu ahal izango dute bertaratzen direnek. Usurbilera eta Astigarragara ere egingo dute txangoa, zabor bilketa sistema aztertzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo