La Guardia Civil se topó con el rechazo popular e institucional
Hernani: Guardia Zibila eta Ertzaintza, atxiloketan lagun
Ertzaintzak lagunduta, Hernanin ziren Herriraren zuzendaritza nazionaleko kideak atxilotu zituen Guardia Zibilak. Ordu luzez «hartu» zuten Plaza Berria, eta ehunka pertsona gerturatu ziren egun osoan zehar mugimenduaren egoitza nagusia dagoen plazara, haserrea eta ezinegona azaleratzera. Hamabi ordu beranduago bertan zeuden oraindik.
Aimar ETXEBERRIA
Hernanin zen bilduta Herriraren zuzendaritza orokorra, bertan baitu egoitza nagusia mugimenduak. Bertan ziren, beraz, polizia operazioaren jomugan zeuden kide gehienak. 10.30ean ekin zion Guardia Zibilak, Ertzaintzaren laguntzarekin, operazioari. Atea jo, barrukoek ireki -zetorkienaren gaineko aztarnarik batere izan gabe-, eta armak eskuan hartuta sartu ziren polizia-agenteak egoitzara, bilkuran zeudenak harri eta zur utzita. Libre geratu zen mugimenduko kide batek GARAri adierazitakoaren arabera, paretaren kontra jarri zituzten guztiak eta, banan-banan identifikatu ostean, batzuen atxiloketari ekin zioten.
Bestelakoa zen egoera kanpoan. Ezin ulertua, sentipen hori zen nagusi polizia operazioa salatzera gerturatu zirenen artean. Tentsio une batzuk ere bizi izan ziren, nahiz eta kosta egin zen giroa berotzea. Une jakin batean, lau gazte baztertu eta identifikatu egin zituen Ertzaintzak, eta bertaratu zirenen haserrea piztu zuen horrek. Hala ere, segituan utzi zituzten aske. Esan bezala, kosta egin zen hasierako harridura gainditu eta haserrea piztea. Arratsaldeko lehen orduan hasi ziren nabarmen egiten herritarren oihuak. «Atxilotuak askatu!» eta «Que se vayan de una puta vez!» izan ziren jendeak gehien oihukatu zituen leloak. Ez zen denbora asko igaro Herrirako logoa oinarri zuten kartelak ugaritzen hasterako. Bosgarren pertsona bat ere identifikatu zuen Ertzaintzak, «segurtasun perimetroa» handitzen zuten bitartean sortu zen tentsio egoera zela medio. Herritarren aurkako kolpeak ere izan ziren eta, ondorioz, kazetariak soilik geratu ziren Plaza Berrian, hori bai, plastikozko zintekin mugatutako toki batean.
Aurpegi ezagunen artean, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuarena izan zen bistarazten lehenetarikoa. Horrez gain, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bai eta Batzar Nagusietako lehendakari Lohitzune Txarolak ere egin zuten agerraldia.
Unearen larritasunaz jabetuta, Ertzaintzarekin hitz egiten aritu zen Garitano, operazioaren nondik norakoen berri jakin nahian, baina ez zioten argibiderik eman. Atxilotuen abokatuak ere segituan bertaratu ziren. Atxiloketa «komunikatua» zela-eta abokatuek erregistroa jarraitzeko eskubidea bazuten ere, ez zieten utzi. Horregatik, ofizioko abokatu bati dei egin eta hark jarraitu behar izan zuen erregistro guztia.
Hamabi ordu
Egun erdi igarota zabalik jarraitzen zuen polizia operazioak Hernanin eta Herriraren egoitzan jarraitzen zuten atxilotuek. Luze jotzen ari bazen ere, Plaza Berrian jarraitzen zuten ehunka lagunek. Hasiera batean, manifestazioa egiteko asmoa zegoen atxiloketak gaitzesteko, baina atxilotuak ateratzen ez zituztela-eta, bertan jarraitzea erabaki zuten azkenik.