La Guardia Civil se topó con el rechazo popular e institucional
«Zuten guztiarekin sartu dira. Beste gela batera eraman eta lasai egoteko esan didate»
Hernaniko egoitzako operazioaren lekuko izan ziren biak, euren begiekin ikusi baitzuten jazotakoa.
Gertatu berri zena ezin sinetsita zegoen Txarli Garcia GARAri adierazpenok eman zizkionean. Herriraren egoitza nagusian zegoen polizia operazioa hasi zen unean; are gehiago, bera izan zen poliziei atea ireki ziena. «Komunera joan naiz une batez eta atea jotzen ari zirela ohartu naizn. Beti bezala ireki dut atea, eta...», adierazi zion GARAri aske geratu berritan. Guardia Zibila «guztiarekin» sartu zela gaineratu zuen, «armak eskuetan, tropelean». «Ni beste gela batera eraman naute, eta lasai egoteko esan didate». Identifikatu ostean aske geratu zen, barruraino sartutako sustoa pasa ezinda oraindik eta, nola ez, bertan geratu zirenen egoerarekin arduratuta.
Antzeko egoera bizi izan zuen Jon Mintegiagak ere. Hura ere egoitzan zegoen eta bere begiekin ikusi ahal izan zuen polizia operazio osoa. Atxilotuak hormara begira jarri zituztela azaldu zion GARAri, jarraian identifikatuak izateko. «Banan-banan egin dute eta aske utzi naute, pertsona jakin batzuen bila etorri dira», nabarmendu zuen.
Kalera irten berritan, eta egoeraren larritasunaren jabe egin nahian, egoitza barruan geratu ziren kideen egoeraren inongo berririk ez zuela azaldu zion GARAri. «Paretara begira jarri gaituzte; ez dakit besteren bat askatu duten edo ez», adierazi zuen. Iragarpen hoberenak bete ez eta mugimenduaren bilkuran parte hartzen zuten gainerako kide guztiak atxilotuta zeudela jakin zen berandu baino lehen.
Atxiloketa gehienak Hernanin gertatu ziren, baina Herrirako beste kide batzuenak beren lantokietan edo etxetik ateratzen ari ziren unean gertatu ziren. Lehenengoen artean, nabarmentzekoa da Imanol Karrera Uharteko Zubiaurte euskaltegi publikoaren inguruan harrapatu eta eraman zutela. Horren irudia azkar zabaldu zen sare sozialen bidez.
Handik minutu batzuetara Andoaindik heldu zen hasierako albiste kezkagarria. Goizeko 10:30ean, puntu-puntuan, bertako auzokide batek ikusi zuenez, kalez jantzitako baina kaputxa zeramaten guardia zibilek pertsona gazte bat eraman zuten Etxeberrieta auzoan. Jazotakoa «bahiketa» baten oso antzekoa izan zela nabarmendu zion lekukoak GARAri.
«Gaztea zabor poltsa botatzera zihoan unean, bi auto kamuflatu ziztu bizian etorri, atxilotu eta eraman egin dute. Peugeot 407 batean eraman dute. Guardia zibilak kalez jantzita zeuden, baina ibilgailutik atera direnean txaleko berdeak eta kaputxak jarri dituzte», gaineratu zuen lekukoak. Ordurako argi geratu zen atxiloketa zela.
Dena «oso azkar gertatu da», nabarmendu zuen. «Minutu batean ez zegoen ia arrastorik. Lekukoak, inguruan zeuden hiru edo lau pertsona besterik ez (ondoan Asuncion klinikako kontsulta bat dago eta handik sartu-atera zebilen jendea). Emakume batek ezagutu du nor zen, antza, zinegotzi baten mutil laguna». Zertxobait geroago, atxilotuaren izena eta abizena baieztatu ziren: Ekain Zubizarreta. Ordubete igaro arte ez zen sarekadaren berri ofizialik izan, antza denez oraindik atxiloketa batzuk egiteke zeudelako.