Emma Twyford, trad estiloan, beste urrats bat eta E9 gradura pasa da
Eskalatzaileak «Rare Lichen» marra (The Gribbin Facet, Gales) eskalatu berri du, eta bere zailtasuna, trad estiloan, E9 6c da. Horren ondorioz, Hazel Findlayren ondoren, Twyford E9-a egiten duen bigarren emakumezko britainiarra da. Bidearen bosgarren igoera izan da.
Andoni ARABAOLAZA
Azken bolada honetan, emakumezko eskalatzaile batzuk trad estiloko bide gogorren aldeko apustua egiten ari dira. Horren isla da Emma Twyfordek sinatu berri duena. Galeseko The Gribbin Facet eremuan dagoen «Rare Lichen» marra kateatu du. E9 6c zailtasuna du, eta hori egiten bigarren emakumezko britainiarra da. E9 graduko marra bat egiten lehena Hazel Findlay izan zen.
Leo Houlding izan zen Galeseko iparraldean dagoen bide hori kateatu zuen lehen eskalatzailea. Ondoren, beste hiru gizonezkok egin zuten «Rare Lichen». Eta aurreratu dugun bezala, azkena, Twyford izan da. Beraz, bosgarren igoera poltsikoratu du.
Trad estiloko marra horretan mugimendu tekniko gogorrak nagusi badira ere, arriskua oso handia da. Berez, «Gribbin Wall Climb»-etik ateratzen da, baina jarraian eskuinera jo, ertz batera iritsi, RP batzuetatik pasatu, eta hain justu bidearen giltza (hots, mugimendu gogorrenak zein teknikoenak) headwall-aren amaieran du. Hitz batean esanda, bide horrek oso aseguru txikiak onartzen ditu soilik.
Protagonistak adierazi duenez, urte «ero» samar baten ondoren, trad estiloan motibatzen hasi zen: «Duela urtebete ez nengoen batere ongi, eta oso gutxi eskalatzen ari nintzen. Arrazoi ezberdinengatik, pixkaka-pixkaka berriro eskaladan sartu nintzen. Oso eguraldi bikaina egiten zuenez, trad estiloaren alde egin nuen. Neure buruarekin gero eta konfiantza handiagoa nuen, eta horri esker, hainbat bide gogor sinatu nituen. Estilo horretan izaten diren erorikoek beldur handia ematen didate, eta burua erabat kontrolatzea oso zaila egiten zitzaidan. Trad-ean erortzea ez da batere atsegina, eta neure buruari behin eta berriz esaten nion eroriko horiek saihestu behar nituela. Uste dut asko ikasi dudala, batez ere kontuan hartzen badut azken urteotan kirol eskaladarekin harrapatuta nengoela. Egun, gainera, Galeseko iparraldean bizi naiz, eta bloke, kirol eskalada eta trad estiloaren artean oreka bilatzen ari naiz».
Arestian aipatu dugunez, hainbat bide gogor egin ondoren, «Rare Lichen» erronkan buru-belarri sartu zen. Helburu horri ekiteko oinarri sendoa zuen, aurretik, besteak beste, «Hell´s Wall» (E6, 6c edo 7c/+ gure eskalan) bigarren saioan eta «Bleed in Hell» (E8 6c) egunean egin zituelako.
Twyford prest zegoen trad estiloan beste urrats bat egiteko: «`Rare Lichen' bidean sartu nintzen; hori zen neure helburua. Jakin banekien bidearen giltza goian dagoela, baina bideak eskatzen dituen baldintzak ez ziren batere ondo betetzen eta atseden hartzea erabaki nuen. Ondoren, eguraldi freskoarekin itzuli nintzen. Soka gainetik hainbat helduleku garbitu eta mugimendu gogorrenak probatzen hasi nintzen. Atzamarrak minduta nituen eta gorputza oso nekatuta. Alabaina, pozarren nengoen bidea nahiko eskura ikusten nuelako».
Oso hezea
Ceusera bidaia labur bat egin ondoren, Twyford Galesera itzuli zen. Ez zuen zorte handirik izan, euria protagonista bihurtu zelako. Pare bat egun eguzkitsu behar zituen pareta lehor zedin. Baina hori ere ez zen iritsi.
Kateatze egunean, berriz, lainotua bai baina euririk ez: «Pare bat kide filmatzera joan ziren, eta horrek nolabaiteko presioa eragin zidan. Soka gainetik nuela mugimenduak gogorarazi eta heldulekuak garbitu nituen. Zoritxarrez, hezetasun handia zegoen, eta helduleku asko eta asko ondo baino hobeto lehortu behar izan nituen. Beste egun bat aukera nezakeen, baina Galesen ia ez dakigu zer den eguraldi egonkorra».
Baldintza horiek ikusita, eskalatzaileak seguru guztiak aldez aurretik jarri zituen. Twyford prest zegoen eskalatzeko: «Baten batek leporatu dit seguruak jarrita eskalatu nuela. Soilik esan dezaket orain arte eginiko biderik arriskutsuena zela, eta helduleku gehienak oso hezeak zeudela. Kontuan hartu behar da marraren giltzan dauden heldulekuak oso-oso txikiak direla, eta akats txiki baten ondorioz eroriko serioa izan dezakezula. Gainera, artesietan jartzen diren `babes' horiek ere oso txikiak dira. Hazelek esandakoa gogora ekarri nuen: `Nahi duzun bezala eskalatu eta zeure buruari kasu egin'. Bidean oso kontzentratuta sartu nintzen, eta konturatu orduko bidea poltsikoan nuen. Nire lehen E9-a egin dut, eta aitortu behar dut, mugimendu teknikoak nahiko aise atera nituela. Baina trad estiloan burua ezinbestekoa da. Nahiz eta baldintza egokiak ez izan, kateatze egunean ez nintzen erori, eta bidearen goi aldera heltzea erdietsi nuen».
Twyford «Rare Lichen» bideaz jabetu zen: hots, bere lehen E9-a. Eskalatzaileak ondo baino hobeto erakutsi du kirol eskalada (8b egin du) eta trad estiloaren artean oreka bikaina lortu duela.
Emma Twyfordek «Rare Lichen» bidea (E9 6c) kateatu berri du. E9 graduko bide bat eskalatu duen Britainia Handiko bigarren emakumezkoa izan da.
Eskalatzaileak dioenez, igo duen bidea ez zegoen baldintza egokietan, eta horren ondorioz, seguruak aldez aurretik jarri zituen.
Udazkenarekin batera, Yosemiteko hormatzarretan eskalada «festa» lehertzen da. Garai onena da hango bide luzeak eskalatzeko, eta azken berriek, bederen, mugimendu handia dagoela ziurtatu dute. Tommy Caldwell zein Chris Sharma, adibidez, prest dira muturreko zailtasuna duen erronka bati ekiteko. Esprintean edo azkar jarduten dutenak ere hor ari dira «The Nose» bezalako bide mitiko bati minutuak kentzen. Mutilen jarduerak baretu diren bitartean, emakumezko batzuk jo eta su ari dira espezialitate horretan.
Horietako bat Mayan Smith-Gobat dugu. Zeelanda Berriko eskalatzaile hori hormatzar horiekin eta batez ere «The Nose» bidearekin harrapatuta dago, eta iazko denboraldian, adibidez, Chantel Astorga kidearekin errekor berria ezarri zuen «The Nose»-n: 7 ordu eta 26 minutu. Neskez osatutako sokada baten errekorra. Eta, horrez gain, sokada mistoan beste hainbeste lortu zuen Sean Learyrekin batera: 4 ordu eta 29 minutu.
Bada, aurtengo denboraldiaren hastapenetan, Smith-Gobatek berriro errekor bikoitza ezarri du. Pasa den irailaren 27an, berriro Leayrekin batera iazko errekorra 7 minututan jaitsi zuen. Bi egun beranduago, Zeelanda Berrikoa Libby Sauterrekin sokara lotu, eta bidearen 900 metroak eskalatzeko, sokada horrek 6 ordu eta 39 minutu behar izan zituen.
Hori guztia gutxi izango balitz bezala, Smith-Gobatek esku artean beste erronka handi bat zuen: Kapitain eta Half Dome hormatzarrak egunean lotzea. Baina helburu horrek momentuz itxaron egin beharko du; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako aurrekontuetan izan den blokeoaren ondorioz, Yosemiteko Parke Nazionala itxi egin behar izan dute. Mugimendua bai, baina ziur aski eskalada ederrak egiteko batere aukerarik ez. A. A.