GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

WCT ITZULIA

Mick Fanningek irabazi du laugarren aldiz Hossegorren

Itzuliko zortzigarren proba irabazita eta rankingean buru dela, munduko titulua lor dezake Mick Fanningek.

p046_f03_148x88.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

2013ko WCT itzuliko zortzigarren probaren ostean Mick Fanning da buru rankingean. Australiarrak laugarren aldiz irabazi du France Pro txapelketa eta rankingean bigarren postuan den Kelly Slaterri puntu askoko aldea ateratzea lortu du.

Dudarik gabe, Fanning da aurten titulu mundiala eskuratzeko aukera gehien duen lehiakidea, baina oraindik WCT zirkuitua amaitzeko bi txapelketa falta dira, eta edozer gerta daiteke.

Aste honetan bertan hasiko da Portugalen itzuliko bederatzigarren proba, aurtengoan izan daitekeen proba garrantzitsuena; izan ere, posible da Fanningek titulu mundiala eskuratzeko behar adina puntu lortzea. Aukera asko daude, rankingeko lehen bost postuetan dauden lehiakideek egiten dutenaren arabera, titulu mundiala eskuratzeko aukera nortzuk izango duten jakiteko.

PRO france

Aurtengoan ere olatu ederrak izan dira Hossegorren eta Seignautzen, baina antolatzaileak larri ibili dira txapelketa egiteko; izan ere, behar adinako itsaskirik sartzen ez zenez, olatu apur bat atera orduko txapelketa ziztu bizian egin behar izan zuten.

Eztabaidarik ere izan zen epaileen inguruan. Marc Lacomare frantsesaren eta Joel Parkinson australiarraren arteko txandak, esaterako, zeresana eman zuen.

Txanda amaitzear bi lehiakideek antzeko olatua egin eta epaileek haien puntuazioa aditzera eman baino lehenago, esatari batek zuzenean esan zuen Parkinsonen alde egingo zutela iaz titulu mundiala berak irabazi zuelako, eta horrela gertatu zen.

Ikusleen harridurarako, Parkinsoni gehiegizko puntuazioa eman zioten eta horri esker aurrera egin ahal izan zuen. Quiksilverreko arduradunak oso haserre agertu ziren esatariarekin eta postutik kentzea erabaki zuten.

Finala

Metro eta erdiko olatuak ziren pasa den ostiralean Seignautzen, alegia, aurreko egunetan baino olatu txikiagoak; beraz, ez zen tuborik, baina lehiakideek ikuskizuna ematen jarraitzen zuten. Finalean bi belaunaldi desberdinetako ordezkariak izan zirela esan daiteke. Batetik, Mick Fanning australiarra, 32 urtekoa, eta bestetik Gabriel Medina, hemeretzi urteko gazte brasildarra. Itsasoko baldintzak ikusita airekoak egiteko olatu bikainak ziruditen, beraz askok pentsatu zuen Medinak irabazteko aukera gehiago izango zuela.

Medinak berak ere gauza bera pentsatu zuela zirudien, izan ere txandaren erdialdera irabazten ari zen, eta ezinezkoak ziruditen airekoak saiatzen hasi zen. Esatariek ere gogorarazi zioten bozgorailuetatik brasildarrari, hura finala zela, ez zela «Expression session» bat, alegia ez zela ezinezko airekoak saiatzen hasteko momentua.

Finala amaitzeko zazpi minutu falta zirenean ordea, australiarrak aurre hartu zion brasildarrari, eta ordura arteko lasaitasuna urduritasun bilakatu zen. Medina epaileei besoekin imintzioak egiten hasi zen, olatuen puntuazioa eman zezatela eskatzen zuen, baina alferrik zen, ez zuen bere arerioaren puntuazioa gainditzea lortzen. Txanda amaitu zenean eta bozina hotsa amaitzear zela Medinak olatu bat hartu eta aireko eder bat egitea lortu zuen, baina berandu zen jada, olatu hark ez zuen balio eta txapela Mick Fanningek irabazi zuen.

«Apur bat hunkituta nago», esan zuen irabazleak, «bikain sentitzen naiz, Gabi surflari ikaragarria da, 20 segundoren faltan oraindik presioa egiten ari zitzaidan, eta orain hain ongi sentitzen naiz».

Aurtengoan Fanningek irabazi duen txapelketa bakarra izan da Frantziakoa. Itzuliko azken-aurreko txapelketa irabazten badu, 2013ko titulu mundiala bera eta Kelly Slaterren arteko norgehiagoka bilakatuko da, rankingeko beste lehiakide guztiek titulua eskuratzeko aukera oro galduko baitute. Txapelketa garrantzitsua izango da beraz Portugalgoa.

oharkabean

Komunikabide guztiek erakutsi dituzte Hossegorreko mutilen munduko surf txapelketaren irudiak, baina inork gutxik aipatu badu ere, Portugalen, munduko nesken surf titulua erabaki da.

wrightek galdu

Final-laurdenetan Tyler Wright kanporatua izan zenean, Carissa Moore aurtengo zirkuituko irabazle bilakatu zen, baina ez zen horregatik erlaxatu, eta txandaz txanda lehian jarraitu zuen irabazi arte.

Polemika

Epaileek haien puntuazioa aditzera eman baino lehenago esatari batek zuzenean esan zuen Parkinsonen alde egingo zutela, iaz titulu mundiala berak irabazi zuelako, eta horrela gertatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo