GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013-ko Kilometroak tolosan

Oiartzungo Haurtzaro, «Erronka»-ko txapeldun

p002_f08.jpg

A. E. | TOLOSA

Bazen aurtengo Kilometroak festan apustu berririk ere. «Erronka» izenarekin bataiatu zuten antolatzaileek Gipuzkoako 21 ikastoletako ikasleen arteko norgehiagoka berezia. DBH 3. eta 4. mailetako zortzi ikaslek (lau neska eta lau mutil) hartu zuten parte lehiaketan, ordezkari eta laguntzaile banarekin.

Hala, era askotako jarduerak egin behar izan zituzten, indarra, abilezia, buru-argitasuna eta abiadura uztartuz. Probak zezen plazan, Zumardiaundian, Berazubin, Lurramendin eta San Blasen burutu zituzten eta final handia Oria ibaian jokatu zuten, Berazubitik Zubi-berrira iritsi behar zutelarik lehiakideek «Ahora» banderaz jabetu nahi bazuten.

Oiartzungo haurtzaro ikastola suertatu zen irabazle, Ibarrako Uzturpe, Ordiziako Jakintza eta Urretxu-Zumarragako ikastolen aurka finala jokatu ondotik.

Antolatzaileek egin zuten balorazio ofizialean, egitasmoak bere helburuak «ederki» bete dituela azpimarratu zuten. Gipuzkoako ikastola ezberdinetako gazteak lehian ari ziren bitartean, jende andana ere beraiei begira eta animatzen aritu zela nabarmendu zuten, «aurreikuspenak bete eta gaindituz». Berazubiko futbol zelaian, esate baterako, 800 lagun zenbatu zituzten «globinkana» proba bertatik bertara ikusten.

Azpiegitura eta ekonomia aldetik eginiko apustuak bere fruituak eman zituela-eta, kontent agertu ziren antolatzaileak, datozen urteetarako harri bat jarri dutela sinetsita. «Harro sentitzen gara Erronka gainditzeaz», adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo