GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Alonso, Irati Jimenez, Castillo Suarez (*) Kulturgileak

Eraiki dezagun harresi bat

Askatasunaren aldeko borrokan hain sutsu eta kontsekuente izan badira, beharbada konturatu beharko lirateke beste aldera begiratzeko garaiak bukatu direla

Ohituta gaude entzuten adinez aski aurrera joandako jendeak nola kritika- tzen dituen gazteak, ez dutela konpromisorik nahi esanez, bizitza lasai eta erosoarekin laketu direla eta ez direla ezeren alde borroka egiteko prest, kontsumismoaren morroi, gailu elektronikoen mendeko eta errazkeria guztien jopu bihurtu direla.

Ohituta gaude, halaber, beren gazte garaiko balentrien berri entzuten eta irakurtzen, haiek bai, haiek bai izan zirelako justiziaren alde borrokatzeko gauza, eskuzabaltasun handienarekin eta baldintzarik txarrenetan, trukean deus eskatu gabe. Horiek istorio zaharrak dira, jakina, eta jada inor ez da joango adinez aski aurrera joandako jende horrengana kontu eske, beren gaztaroa benetan hain zail, hain eskuzabal eta hain heroikoa izan ote zen galdetzera; inor ez da joango haiengana galdetzera, demagun, haiek hain borrokalari zintzoak izan baziren, horietako askok nola onartu zuten tailerretik hasiera-hasieratik pasatu beharko zukeen aldaka hautsiko demokrazia matxuratu bat, zergatik egin zioten kosk, haginak kamustu arte egin ere, interes zikinenen sagar ustelari, nola jasan duten hainbeste hipokrisia.

Baina -beren gaztaro idealizatu horren izenean!-, gutxienez ulertu beharko lukete kritika horrek ez duela deus balio ikusteko gauza ez balira, lan politikoa besterik egin ez duen gazteen belaunaldi oso bat, menturaz arlo honetan ere herri honek eduki duen prestatuena, urte luzetako kartzelaldi injustu eta lotsagarriaz ordaintzen ari dela bere engaiamendu eredugarria; gazte belaunaldi horrek gure herriari, demokraziari eta justiziari egin dien ekarpena behar bezala baloratzeko gauza ez balira, eta, besterik ez bada ere, elkartasun pixka bat emateko gauza ez balira, beren idealen aldeko borrokarengatik ordaindu behar izan duten eta ordaintzen ari diren prezio ikaragarri horren aurrean.

Eta askatasunaren aldeko borrokan hain sutsu eta kontsekuente izan badira, beharbada konturatu beharko lirateke, gure herrian izan diren azken gertaeren harira, beste aldera begiratzeko garaiak bukatu dire- la, jokoan dagoena ez dela lehia partidista bat, lauhazkan datorren faxismoak denok ukitzen gaituela eta denon eginbeharra eta denon onurarako dela eraso totalitarioei aurre egitea.

Eta horregatik, beraz, eraiki dezagun harresia; esan dezagun aski dela, ez dugula demokrazia faltsu eta ustel baten aldarean gure seme-alaba bakar bat gehiago sakrifikatuko, kartzelak husteko garaia dela, eta ez betetzekoa, ez diegula utziko gure adiskideetako bat bera ere eramaten; bakea nahi dugula, bake justua, eta beren idealei hitzaren eta ekintza politikoaren bidez eutsi dieten errugabeak kartzelara eramatea ez dela horretarako bidea, helburu horretatik urruntzen gaituela, irtenbiderik gabeko karrika batera eraman nahi gaituztenen amarrua.

Eraiki dezagun herri harresia, gora herri harresia.

(*) Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Xanti Begiristain, Jose Mari Esparza, Josu Jimenez Maia, Garazi Arrula eta Mikel Sotok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo