GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako Aldundiak 10 milioi euroko etekinak espero ditu bidesari berriekin

Arkupe sistema berria lurraldeko gaitasun handiko errepideetan ezarriko litzateke, hamalau puntutan. 26 milioi euroko diru sarrera gordina aurreikusten da, eta Gipuzkoako Aldundiak hamar milioi euro garbi jasoko lituzke. Sentsoreen bidez, zama handiko ibilgailuen matrikula irakurri eta Via T sistema bidez kobratuko zaie kamioilariei.

GARA | DONOSTIA

Arkupe bidesari sistemak hamalau kontrol puntu izango lituzke gaitasun handiko N-I, A-15, N-121 eta GI-632 errepideetan. Sentsoreen bidez, aipatutako arkuek ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte, eta Via T sistema bidez kobratuko zaie kamioilariei ordaindu beharrekoa. Ordainketatik at geldituko dira Gipuzkoako ibilgailu arinak, eta ohiko erabiltzaileentzat deskontuak izango dira. Lurralde mugakideetako gidariek ere beherapenak izango dituzte.

Bidesari sistema honek urtean 26 milioi euroko diru sarrera gordina ekarriko luke, eta horietatik 10,2 milioi euro Aldundiarentzat izango lirateke lehenengo urtean, eta 17 milioi euroko irabaziak izango lirateke zortzigarren urtetik aurrera.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zituen atzo datu ekonomikook Larraitz Ugarte Azpiegitura eta Mugikortasun diputatuak. Arkupe proiektuaren diseinuan parte hartu duten hainbat teknikari, bestetik, azterketa teknologikoez mintzatu ziren.

Gipuzkoako gaitasun handiko errepideetan zama handiko ibilgailuei bidesaria ordainaraztearen bideragarritasunari buruzko txostena egin du Laura Unzuetak. Bere hitzetan, Arkupe ezartzeko 22 milioi euroko inbertsioa egin beharko da.

Gastuei dagokienez, aintzat hartu behar dira, batetik, sistema ezarri ahal izateko «ukitu» beharko diren errepideei egingo zaizkien lanak eta, bestetik, kontsumoa eta ustiatzea. 26 milioi euroko irabazietatik, 10,2 milioi euro jasoko lituzke Aldundiak.

Batezbesteko hori positiboa izan dadin, gaitasun handiko errepideetako joan-etorrien kopurua ezingo litzateke %35 baino gehiago murriztu, Unzuetak agerraldian ohartarazi zuenez.

Tecnaliak egin ditu azterketa teknikoak. Bertako ordezkari Iñaki Etxeberriak sistema defendatu zuen, eta nabarmendu zuen bere eraginkortasuna «oso frogatuta» egoteaz gain, sateliteak erabiltzen dituen sistema baino ekonomikoagoa dela, gidari gehienek ez duten gailu elektroniko bat beharrezkoa baitu satelitearenak.

Bidesariak jartzen eskarmentu handia duen Carlos Griel ingeniariak, bestalde, adierazi zuen helburuetako bat dela errepideak ez daitezela zerga bidez soilik ordaindu.

Aditu katalanak Fasttrack sistema aipatu zuen. Horri esker, Gipuzkoatik irtetean erregistratu ez diren erabiltzaileei Irungo ordainlekuan kitatzeko zor bat dutela iragarriko zaie.

Hain justu, Arkupe sistemak atzerriko kamioilariei kobratu ahal izatea ez duela erabat bermatzen kritikatu zuten Batzar Nagusietan oposizioko taldeek. Halaber, proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jarri zuten, beharrezkoa den teknologia bost urteren buruan zaharkituta geldituko dela iritzita.

Ugartek esandakoaren arabera, Foru Araudian iruzurraren kontrola bermatuta dago. Hala, ehun euroko isunak aurreikusita daude.

Foru Araua aurkezteko epeei dagokienez, Ugartek beste alderdiekin adostasunera iristeko negoziazioak lehentasunezkotzat jo zituen, eta gehitu zuen Bildu «aldaketetara irekia» dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo