Kontzertuen formatua aldatu dute aurten Lekunberriko bestetan
Edozein egunetan, goiz, arratsalde eta gau, kaleak beteta; ostatu ugari, inguru hagitz ederrean; eta ekintza gehiago, gustu guztiak asetzeko modukoak. Aitzakia aunitz daude asteburuan Lekunberri bisitatzeko. Atzo iluntzean lehertu zen Pilar jaiei hasiera emateko suziria Aralar mendi magalean, eta igandera arte ibiliko dira kanta eta dantza. Gaur 2012an jaiotako haurrei ongietorria eginen diete zapi gorriak jarriz eta herri bazkarian elkartuko dira 250 bat lagun.
Maider IANTZI | LEKUNBERRI
Abiatu dira Lekunberriko jaiak, berritasun nagusi batekin: kontzertuen formatu berria. Udaleko kideek GARAri azaldu diotenez, orain arte dantzaldiak egin izan dituzte eta aurten, lehendabiziko aldiz, kontzertuak eta DJa jarri dituzte. Atzo Ukatu herriko taldeak jo zuen eta ondotik DJ Bull-ek astindu zituen diskoak. Gaur, talde ospetsuak etorriko dira: Skakeitan, Willis Drummond eta Cobra. Eta postrea, DJ Jotatxo.
Bestak pizten dituen suziria eta txupinazoan sortzen den giroa garrantzitsuak izaten dira hagitz. Antolatzaileek kontatu digutenez, herri osoa elkartzen da udaletxe plazan. Txistorra, ardoa eta pastak ateratzen dituzte pikatzeko, Iraunkorrak Tolosaldeko txarangak dantzan jartzen ditu guztiak eta ederra izaten da.
Gaur Haurren Eguna da. Data honetan bertze herri batzuetan ere egiten den ekitaldi bat egiten dute orain dela lau urtetik: aitzineko urtean jaiotako umeei zapia jartzen diete, Udaleko zapi gorria, Lekunberriko armarriarekin. Hala, ongietorria egiten diete herrian eta oroigarri bat eman betiko gordetzeko.
Inma Etxabide Kultura arduradun eta liburuzainak agertu digunez, lehen haur gutxi jaiotzen zen; orain, berriz, pila bat. 40 baino gehiago bai. Bakoitzari zapi bat lotzen diote eta gero argazkia ateratzen dute denek elkarrekin. Haurrekin segituz, puzgarriak izanen dituzte eguerdian eta arratsaldean.
Bitartean, gaztetxoek sukaldean duten abilezia erakutsiko dute patata tortilla lehiaketan. Kalean prestatuko dute sei-zortzi taldek, aitzakia horrekin giroa sortuz. Berehala, prestakuntza handirik gabe egiten den txapelketa da eta izugarri gustatzen zaie neska-mutilei.
Bazkalorduan, besta giroak goia joko du, 250 lagun biltzea espero baitute herri bazkarian. Sabela ongi beteta eta gustura, bingoan jostatuko dira, baita txapelak jaurtitzen ere. Norbaitek herriren batean ikusi zituen bestazaleak txapel beltzak nork urrunago bota lehian. Ideia komentatu, gustatu eta egitarauan sartu dute.
Haurren Eguna ez ezik, Pintxo Eguna ere bada gaurkoa Lekunberrin. Herriko tabernek edariarekin batera pintxo bat emanen dute euro baten truke.
Egunik jendetsuena
Bihar, larunbata, bisitari gehien hartuko duten eguna izanen da, zalantzarik gabe. Inguruko herrietako jende andana hurbildu ohi da eta beteta egoten da Lekunberri egunez eta gauez. Hasteko, kirol pixka bat: alebinen F8 futbol partida. Beti Kozkor herriko taldeak jokatuko du. Gero, bertako dantzari txikien emanaldia etorriko da. Hauek larunbatero entseatzen dute eta harro erakutsiko diete ikasitakoaren zati bat familiakoei eta lagunei.
Gazte Asanbladaren batukada, Alaia Martin, Jon Maia eta Amets Arzallusen bertso saioa, eta «Los piratas de la isla Malpica» malabarez eta su artifizialez osatutako kale antzerkia dira bertze ekitaldi aipagarri batzuk.
Lekunberriko eta Larraungo 130 bat erretiratu batu ziren atzo bazkaltzeko. Omenaldia, musika eta arratsalde pasa ederra izan zuten gozatzeko aspalditik egiten den ekitaldi honetan.
Gauean, aldiz, gazteen txanda izan zen. Kasu honetan gutxiago elkartu ziren. Aunitzentzat -kanpoan lan egiten dutenak eta Iruñean edo Leitzan ikasten dutenak- ez zen jaieguna eta horrek eragina izan zuen.
Igandeak, jaietako azken egunak, ardo kolorea du, Nafarroako ardoarena, goiz osoan ferian elkartuko diren bospasei bodegek emana. Horiekin batera, artisauak, gaztagileak eta talogileak batuko dira. Guztira, 25 postutik gora. Haurren gozamenerako, puzgarriak jarriko dituzte eta txu-txu trena ibiliko da kaleetan.
Irurtzungo auzokideen erraldoien bisita ere jasoko dute. Urtero-urtero etortzen dira hauek, eurek gustura eta lekunberritarrak zer erranik ez; horregatik, gutxitan huts egin dute Pilar jaietako hitzordura.
Bestalde, pilota partidez gozatzeko aukera izanen da, larunbatean bezala igandean. Larunbatean profesionalek jokatuko dute. Zaindariaren egunean, Aritz Lasa eta Ladisek osatutako bikoteak Jaka eta Pascualekin neurtuko dituzte indarrak. Eta gero, Zabaleta eta Titin III.a Barriolaren eta Jaunarenaren kontra arituko dira. 17.00etan da hitzordua. Igandean, herriko zaleek jokatuko dute, hauek ere ordu berean.
Chuchin Ibañezek eta bere mariachiek emanen diete bukaera jaiei, hasi ziren leku berean, herriko plazan, 19.00etan hasiko den emanaldian. Dantzan eta saltoka, hurrengo urtera arte! M. I.