«Kareak erre ez duena» ekitaldiak Lasa eta Zabala izan zituen gogoan
Musika, ikus-entzunezkoak, dantza... ekitaldi poetikoa baino gehiago izan zen ostiralean Tolosako Leidor antzokiak hartu zuen «Kareak erre ez duena» ekitaldia. Lasa eta Zabala erail zituztenetik 30 urte betetzen diren honetan, sentipenak larruazalera ekarri zituzten.
Karmele ELIZARAN | TOLOSA
«Kareak erre ez duena» emanaldia zuzenean ikusteko aurreneko eta azken aukera izan zuten atzo Tolosako Leidor zineman bildu zirenak, ez baita errepikatuko. Poesia, bideoa, musika, kantua eta dantza uztartu zituen ikuskizuna zulo baten bila egindako bidaiarekin hasi zen: «Eta, ibilian, bideak agerian jarriko ditu bakoitzak bere barruan daramatzanak. Bila hasiz gero, gainera, zulo bat inoiz ez dator bakarrik... Eta zulo gehiagorekin topo egingo dugu», esan zuten.
Leidor aretoa ia beterik zegoen -laurehun pertsona baino gehiago bildu ziren- ekitaldi hunkigarria ikusteko, emanaldiarekin ikusleen barrunbeak mugiaraztea lortu baitzuten. Harkaitz Cano izan zen sua piztu zuena eta, handik aurrera, zenbaitetan hunkigarria eta beste hainbatetan latza zen bidaia osatu zuten.
Malkoak eta txaloak, biak tartekatu ziren, nagusiki Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, bere testigantza irakurri zuenean: «Anaiaren artilez egindako jertse bat oroitzen dut; batzuetan oraindik janzten dut», aitortu zuen. Etxeko isiltasun luze bezain gogorrak eta ama, aita eta anai-arrebekin bizitako afari isilak ekarri zituen gogora eta, aldi berean, eskerrak eman zizkien une lazgarri horietan euren ondoan egon zirenei. Irakurketa amaitzeko, oraindik ere senideren bat desagertua dutenei besarkada bat helarazi nahi izan zien.
Ondoren, Josu Landa (abesten), Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi... banan-banan taulan agertzen joan ziren euren ekarpena egiteko, eta ekialdiari amaiera Asier Zabaleta dantzariak eta Harkaitz Cano idazleak eman zieten, azken poemaren irakurketarekin. Tartean, beste hainbat pertsona ezagunek ere parte hartu zuten: Iñigo Aranbarri eta Josu Landa idazleak, Koldo Almandoz zinemagilea, eta Karlos Osiñaga eta Javi Manterola musikariak.
30. urteurrena
Urriaren 15eko gauean 30 urte beteko dira GALek Joxi Zabala eta Joxean Lasa bahitu eta, Donostian torturatu eta erail ondoren, Burrosten kare bizitan estalita lurperatu zituztenetik.
Urteurrenaren karietara egindako ekitaldian Joxi Zabalaren eta Joxean Lasaren senitarteko anitz izan ziren, baita Gipuzkoa osotik etorritako jendea ere, emanaldi poetikoa baino gehiago izan baitzen Tolosakoa. Oiartzundik bertaratutako bikote batek esan zuen bezala, «Joxi eta Joxean eta beren familiak omentzera gatoz; bada garaia». Galindo ere izan zen batzuen ahotan.
Aipatzekoa da, halaber, urriaren 16an, asteazkena, 19.30ean Tolosako Olarrain auzoko monolitoaren aurrean 30. urteurren ekitaldia egingo dela.