Julen MURGOITIO
Behean bego! Lurpean!
Ez da ohikoa, baina gertatu da. Normalean agintariek halako hotsandiko adierazpenak sinatu eta mendeak pasatzen dira sinatua gauzatzeko; gauzatzekotan beti ere, sarritan sinatzeak bestelako norabideko erantzukizun berriak bereganatu beharrean lehengo lepotik kateatuta segitzea adierazten baitu, eginetan. Gutunak sinatzen dira han eta hemen, eta? Kasurako, zenbat gutun ez ote zituen sinatu apostolu idazleak, sinatu eta bidali ere, eta? erantzun ote zioten inoiz korintoarrek? Bada ez, kasu honetan bai. Horra, Lakuako gobernuak Biodibertsitate Gutuna sinatu eta hara! segituan hasi da horren gauzapena usaintzen: non-nahi baserrietan marihuana! Nahikoa da Google Earth zabaltzea paisaiaren aldaketaz jabetzeko. Ama, ama! Insignis pinuarenak egin du, dagoeneko! Aurrerantzean marihuana-egur mehea erretegietan! Tira, belar burujabetza eskura, baserri ingurutik sudurrera; orain elikadura burujabetza behar da, baserritik ahora. Beti ere, zirkuitu laburren mesedetan, bertatik bertara. Eta gameluak dunetan bazkan, koskorrak eguzkitan!
Tira, beste orrira! Egunkariko orria pasatu eta horra! zaintza partekatuaz gaur ere! Ene, ene! Hasieran, lehentasunak lehentasun, ez nion gaiaren hariari eutsi eta orain, hamaika eztabaida-orri geroago, ezin nire buruko mataza askatu, zein haritatik tiratzen hasi jakin ezinean. Ez nago ni brodatzeko. Politika zer horretan argiago ikusten dut, hemengo batzuek nazioaren izenean zaintza partekatua proposatzen baitiote beheko Estatuari, jakinda ere adostasunik ez balego hango epaileek erabakiko dutela hemengo hiru lurraldeak zeinek, eta zelan, zaindu. Amen. Hortaz, hemengo lehendakari bat Amerikako Estatu Batuetara doan bakoitzean hemen zerbait inportantea gertatzear dela pentsatzen dut, are gehiago han trena hartuz gero. Aurrekoan frackinga deskubritu ziguten, handik. Orain atea ireki diote, hemengo Gasteizen. Ez, ostera, hemengo Iruñean. Sozialistena bai haustura gero, hidraulikoa ez izan arren. Batean alde, aurka bestean. Baina beheko Estatuak du hitza; zaintza partekaturik ez, horretan ere ez. Energia kontsumitzen ez duen argitasunaren argia da hau! Politikan itsuek dute energia gehien kontsumitzen. Portzierto, gasa behean bego! lurpean! Hori gauzatzen duenari Bake Nobela!