GARA > Idatzia > Kultura

Marabilli jaialdiarekin, herri harresia berriro Ondarroan

Joan den ostegunetik jai giroan murgildua da Ondarroa, Marabilli sormen festibala jaso baitu bigarrenez. Aitzol Aramaio zenaren omenez, sormenari eskainitako jaialdiak ekitaldiz bete du herria lau egunez, eta ondarroar artisten lanak ere agertu ditu plazara.

Anartz BILBAO | ONDARROA

Ostegunean «Marabilli» hitza keinu hizkuntzan ematen zuten eskuen argazkiekin osatutako afixa erraldoiak eskegi zituzten «Kantxopean», jaialdian parte hartzekoak ziren herritar eta bisitariak agurtze aldera.

Antzerkiz, txistez, testu eta berbaz, musikaz, margolanez eta, nola ez, zinemaz bete du Ondarroa lau egunez Marabilli jaialdiak, Kresala herriko musika bandaren kalejira herrian oso ezaguna duten Manuel Elurekin batera gidatuta; hasiera ekitaldi legez. Izan ere, ez ei da alferrik Aitzol Aramaiok berak esana «gure dotrina izango inozentzia ez galtzea sekula, alai ibiltzea kalerik kale bolanderak botatzen». Horregatik dira Manuelistak jaialdiko antolatzaile taldeko kideak.

Sormen jaialdiak gaur itxiko du bigarren edizioa, igandearekin eta Bide Onera zinematik irten barik, herria eta herritarrak protagonista dituen ekitaldi sortarekin. Eguerdian, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquertek orain lau hamarkada, 1968an, zuzendu zuten «Ama Lur» 105 minutuko dokumentala botako dute; Ondarroa agertzen ei da bertan (12.00etan eta 2 euroren truke).

Arratsaldean, berriz, beste bi ekitaldi. Bazkalostean zinema dokumentala berriro, mundu mailako estreinaldia honakoan, Davide Filgueirasek zuzendutako «#ResistOndarru. Zubi herria harrizko irria» botako baitute; iragan maiatzean «Plaiko zubixen», Urtza Alkortak izan zuen babesa agertzen duen filma eta oso hunkigarria aurreikusten den ekitaldia (18.00etan eta 5 euroren truke).

Bukatzeko, iluntzean, ekitaldi bikoitza. Batetik, Garazi Etxaburu ondarroar dantzariaren jarduna, bestetik eta aurrestreinaldian «Jainki txiki eta jostalari hura» joko dute Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek, Mikel Valverde eta Kirmen Uribe artistekin boskotea osatuta, «Zaharregia txikiegia agian» eman zutenetik hamarkada bat geroago. (20.00etan eta 10 euroren truke).

Argazkiak

Jaialdira bertaratzerik ez duenak ere izango du Marabilli ezagutzeko aukera, Bostokphoto.com atarian aurkituko duen argazki sortaren bidez. Bo5tok argazki agentzia sortu berria da, ondarroar jaialdia hautatu zuena ostiralean jendaurrean agertzeko. Kooperatiba Ander Gillenea, Andoni Lubaki, Gari Garaialde eta Josu Trueba Leivak osatua da, eskarmentu handiko argazkilariak laurak ere, Euskal Herrian zein atzerrian, eguneroko prentsan zein erreportaje tematiko zabalagoetan. Fotokazetaritzarako garai latzak diren honetan, «askatasunarekin lan egiteko» eta iceberg punta, agerikoa baino, honen azpian gordetzen dena erakusteko helburuarekin batu da laukotea, eta Marabilli jaialdiko lau egunetan egin duten argazki sorta dute laurok batera landu duten lehen erreportajea.

BABESA

Urtza Alkorta babestu zuen herri harresia «#ResistOndarru. Zubi herria harrizko irria» dokumentalean jaso du Davide Filgueirasek. Marabilli jaialdiak Ondarroako Bide Onera zineman botako du gaur.

SAREAN IKUSGAI

Bo5stok, euskal argazki-agentzia sortu berria, ostiralean aurkeztu zen. Lau egunetan jaialdiko erreportaje zabala egin dute kooperatibako lau argazkilariek, Bostokphoto.com atarian ikusgai dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo