GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Elkarren ondoan bizi bagara ere

Orain hilabete batzuk, Pako Aristik euskal herritarrez eta gurera orain hamarkada batzuk Estatu espainoletik etorritako lagunen arteko bereizketaz idatzitakoak etorri zaizkit gogora. Euskal herri- tar oro, hemengo, Andaluziako, Extremadurako edo Galiziako, gure lurrean bizi den oro lerro batean, ilaran jarrita irudikatu dut. Jar gaitezen, une batez, milioika lagunek osatzen dute lerro horren aurrean haiei begira.

Zer ikusten duzu zuk? Nik, amildegiak baino ez batzuetatik besteetara. Maria ikusten dut, Valle de la Serenakoa; Mikel, oiartzuarra; Tomas, Pontevedrara begira; Alaitz, Guggenheim parean; Feli, Jaengo olibondoetan; Juan, Guijuelon. Ilara berberean lerrokatuta egon arren, ez ditut guztiak norabide berberera begira ikusten. Eta nekez emango dute buelta, atzean duten hori ikusteko.

Esan nahi dut. Kultura ezberdinetatik eratorritako bizilagunak ditugu etxean bertan, eta gero eta anitzagoa da gure herria. Kontran, ordea, bada besterik. Laurogei euskal herritar Auzitegi Nazionalean (gazte independentistak eta HB, EH eta Batasuneko zuzendaritza), Lasa eta Zabalaren bahiketaren 30. urteurrena, sanferminetako txupinazoko ikurrin erraldoiagatik Iruñerrian atxilotutakoak, Herriraren kontrako polizia operazioa, 197/2006 doktrinari gaineko Estrasburgoren erabakia, preso politikoen sakabanaketa...

Dozenaka dira azken denboran gure herrian albiste diren gertakariak. Albiste izanda ere, haien oihartzuna ez da mugagabea eta aipatutako amildegien harritzarren aurka jota akabatzen da uhinen dimentsioa. Hutsa.

Aurreko batean, ezagun batek: «Vaya movida en Hernani, ¿no? Uno del curro me ha dicho que han detenido a no sé cuántos. ¿De qué eran?». Erantzunik ez. Eta hori, hori da betikoa. Kopetaren beste aldean dugun hori ezin ikusian gabiltzala aspalditik. Kantatzen ez duen herria ez da agian sekula hilko, baina erdizkako ezagutza duen herriak hori besterik ez du izango, erdizkako zubi bat baino ez. Bata bestearen ondoan bizi bagara ere. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo