Haziak eta esperientziak partekatu dituzte Auzolan Topaketetan
GARA | GERNIKA
Euskal Herriko III. Auzolan Topaketak egin zituzten joan den asteburuan, Gernikako Astran. Gasteiz, Lizarraldea, Iruñerria, Bortziriak, Urepele, Donostialdea, Debagoiena, Bilbo, Busturialdea... Antolatzaileek agertu zutenez, hainbat tokitako ehun bat lagun elkartu ziren «Ingo al deu» espazioan, hiru egunez.
Ostiralean, gainera, bisitariak izan zituzten. Asturiasetik etorri zitzaizkien, lurrak kolektiboki lantzeko martxan duten ekimena azaltzera. Patatak eta «eskanda» izeneko hango antzinako gari mota bat ekoizteko biltzen dira taldean. Abereek mugitutako tresnekin lantzen dute lurra, eta gainerako lan guztiak eskuz egiten dituzte. Lurra gisa horretan lantzetik abiatuta, talde harremanetan oinarritutako esperientzia oso bat bizi dute: elkar ezagutza eta besta, asanbladak, egitasmo kolektiboak, auzolanak...
Bizkaitar eta nafar ugari Asturiasera joatekoak dira, ekimena bertatik bertara ikusi eta ikastera.
Gernikako Arbolan
Ekintza berezia izan zen igande goizean hogei bat pertsonak egin zuten ezkur bilketa. Lehen saioa Arratzuko hariztian egin ondotik, Gernikako Arbolara jo zuten. Parte-hartzaileek kontatu zutenez, han ezkur ederrak aurkitzeaz gain, ingurukoen jakin-mina piztu zuten, eta aukera izan zuten fruitu honen historiari eta jateko moduari buruz solas egiteko. Bilketaren ikus-entzunezkoa honako helbidean ikus daiteke: http://vimeo.com/76868271.
Ezkurrak lehortzen jarri dituzte. Aste batzuen buruan erabilgarri izango dira eta orduan bigarren saio bat eginen dute Usurbilen, taninoak nola kendu eta sukalderako nola baliatu ikasteko.
Topaketa hauetan, bilera eta solasaldiez harago, haziak eta horien gaineko ezagutzak partekatu zituzten, eta Auzolan Gida izango dena aurkeztu. Aurki webgunean zintzilikatuko dute, ekarpenak egiteko, eta behin osatuta, abenduan argitaratu nahi dute.