Mikel Aramendi Kazetaria
Inpunitate iraingarria
Castellsek 1979an salatzen zituen kasuek bere horretan jarraitzen dute, ia den-denek. Artikulua idatzi eta zigorra ezarri zioteneko bitartean gertatu ziren antzeko beste hainbatek ere inolako zigor zein kitapenik gabe jarraitzen duteMiresgarria izan daiteke profezia dohaina, baina haren jabe denarentzat ez da erosoa izaten gehienetan. Miguel Castells abokatu eskarmentudunak eman dezake horren fede, egun hauetan inoiz baino aproposago beharbada.
Lasa eta Zabalaren bahiketa, desagerpen derrigortua, tortura eta hilketak egin du gogoangarri gure artean 1983ko urria; aurten bezala urteurren borobilen bat suertatzen denean bederen oroitzen gara hartaz. Saiatuxeagoek, gogoratzen dute baita ere haiek baino hamar egun lehenago bahitu zuten Martin Barrios kapitainaren atzematea eta geroxeagoko hilketa, eta urriaren 18an Joxean Larratxeak nozitu zuen eraso eta bahiketa saioa, lotuta omen zeudenak. Inor gutxi oroitzen da, ordea, egun haietan bertan Miguel Castellsek pairatu zuenaz. Aurreko horien, eta beste gertaera askoren, patuaz izugarri argigarria da, haatik, azken hauxe.
1983ko urriaren 27an epaitu zuten Castells Madrilgo Auzitegi Gorenean; hilaren 31n eman zioten epaia: urtebete eta egun bateko zigorra, bitarte horretan ardura publikoak edukitzeko debekuarekin eta auziaren kostuak ere haren gain zihoazelarik. Auzibidea ez zen, ordea, horretan amaitu, Castellsek Konstituzio Auzitegira jo baitzuen; alferrik: 1985eko apirilean, atzera bota zuten haren helegitea. Estrasburgoko Epaitegira jo zuen orduan abokatu donostiarrak, eta han bai, aitortu zioten zigorrak bere adierazpen askatasuna kamustu zuela. 1992ko apirila zen ordurako. Zigorra jaso zuenetik zortzi urte eta erdira, eta auzibidea hasi zenetik hamahiru urte betetzear zirenean. 1979ko ekainetik baitzetorren saltsa.
Une hartan HBko senataria zen Castellsek «Punto y Hora» aldizkarian «Insultante impunidad» izenburua zuen iritzi artikulua argitaratu zuen. Bertan, polizia indarrek eta «inkontrolatu» parapolizialek aurreko hilabete eta urteetan egindako hainbat hilketa eta eraso ze- rrendatzen zituen, denek zigorrik gabe jarraitzen zutela gogorarazteko. Eta honela zioen pasarte batean: «Eta berrienez ari garen honetan, ipin dezagun gaurko data -1979ko ekainak 9-, bihar gehiago izango direlako. Eta geratzen dira beste ehunka kasu -ehunka baitira-...». Hiruzpalau aste geroago, fiskalak kereila sartu zion Gobernua iraintzeagatik, eta horren emaitza izan zen 1983ko urriko epaiketa eta zigor hura. Profeten patua.
Castellsek 1979an salatzen zituen kasuek bere horretan jarraitzen dute, ia den-denek. Artikulua idatzi eta zigorra ezarri zioteneko bitartean gertatu ziren antzeko beste hainbatek (eta haien artean Euskal Herrian azken hamarkadetan nozitu den biolentzia politikoaren baitan erabat argitzeke geratzen diren hilketa handienek, Alonsotegiko Aldana tabernakoak eta Bilboko Ametzola plazakoak) ere inolako zigor zein kitapenik gabe jarraitzen dute. Eta Castells kondenatzearekin bateratsu martxan ipini zen GAL haren balantze penala ikusi besterik ez dago, Galindo eta konpainiaren kasua eredutzat hartuta. Preskribatuta daudela horietako gehienak esango dizu edozein memelok...
Orduan jada iraingarria zenari nola deitu behar ote zaio hiru hamarkada igaro eta gero?