GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

AUZI POLITIKOAK EUSKAL HERRIAN

Hilaren 26an epaiketei «herri gisa» erantzuteko deia egin dute auzipetuek

p006_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Bihar Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatuko den 35/02 sumarioan auzipetuta dauden hainbat kidek eta sumario berean dauden 110 «herriko tabernetako» hainbat ordezkarik prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, Donostian. Agerraldian, Floren Aoiz 35/02 sumarioan auzipetuta dagoen militante independentistak hartu zuen hitza, epaiketen irakurketa politikoa egin eta etorkizuneko deialdien berri emateko.

Egun Madrilen diren -gaur amaituko dute epaiketaren lehen zatia- gazte independentistentzat izan zituen lehen hitzak, horiei besarkada bat bidaltzeko. Hala, astelehen goizaldean Polizia espainolak atxilotu zuen Luis Goñi gazteaz ere oroitu zen.

1997ko Herri Batasunaren Mahai Nazionalaren aurka egin zen epaiketa izan zuen gogoan eta orduko hartan, nahiz eta ondoren kondenatu egingo zituen, Auzitegi Goren espainolak ezker abertzalearen aurkako auzi orokor bat irekitzeko asmorik ez zuela esan zuela azaldu zuen. «2002an, ordea, horixe bera egin zen: ezker abertzalearen jarduera politiko instituzionalaren, eta jarduera soziokulturalaren aurkako kausa orokorra ireki zen», salatu zuen. Egoera horren aurrean, «nabarmena» iruditzen zaie auzipetuei 35/02 sumarioa abiatu zenetik zigor orokor bat bideratzeko dagoen asmoa.

Era berean, epaiketak «politikoak» direla gaineratu zuen Aoizek eta horietan politika bera dela epaitua salatu zuen. «Politika da epaitzen ari direna, politika da epaiketa hauen funtsa», adierazi zuen.

«Gure herriaren taupada»

Bihartik aurrera epaituko dituzten «herriko tabernei» dagokienez, berriz, kultur elkarteak direla aldarrikatu zuen, eta azkenengo hamaika urte hauetan «izugarrizko erasoa» pairatu dutela nabarmendu zuen. Horietariko askok jarduera galarazita izan dutela gogorarazi zuen, edo lokalik gabe egon direla, edo lokalak itxi zizkietela. Finean, epaiketaren funtsetako bat elkarte kultural horien «bizitza eta jarduera soziokulturala bertan behera uztea» dela adierazi zuen. «Argi dago, beraz, helburu politiko garbi bat dagoela politika epaitzeko, baina baita gure herriaren taupada soziokulturalari eraso egiteko ere», salatu zuen.

Epaiketak «politikoak» direla-eta, gogoeta politiko bat egin behar dela adierazi zuen. Estatu espainola egungo egoeran «deseroso» dagoela azaldu zuen, «eskaintza politiko, ekonomiko eta sozialik gabe». Horri, Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin duen arazoa gehitzen zaiola esan zuen Aoizek. Hala, Estatuaren erantzun bakarra errepresioa dela salatu zuen, «modu horretan gorpuzten eta gauzatzen ari diren aldaketak eragotziko dituelakoan». «Baina ez du lortuko», iragarri zuen.

Eraso errepresiboen aurrean Euskal Herrian sortzen ari diren dinamikak goraipatu zituen, herri harresiarena kasu. Ildo horretan, aste honetan zehar Madrilen hasi diren eta hasiko diren epaiketei «herri gisa» erantzuteko deia egin zuen. Herrietan sortzen ari diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen eta hilaren 26an Bilbon egingo den manifestazio nazionalaren berri eman zuen.

«Konponbidearen alde. Eskubide guztiak. Libre. Epaiketa politikorik ez», izango da deialdiaren leloa eta 17.30ean abiatuko da martxa Jesusen Bihotzetik. Mobilizazio hauen guztien helburua pertsona librez osaturiko herri libre bat aldarrikatzea dela azpimarratu zuen.

manifestazioa

Madrilgo Auzitegi Nazionalak abiatu dituen epaiketa politikoen aurkako manifestazioan parte hartzera dei egin zuten auzipetuek. Bilbon izango da martxa eta 17.30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo