GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gazteen aurkako «frogak», auziaren adierazgarri

Honezkero inork gutxik sumatzen die zentzua -politikoa ez bada, jakina- astelehenean hasi zen berrogei gazte euskaldunen aurkako epaiketari eta antzeko auziei. Zaila baita horien oinarri juridikorik aurkitzea, eta egunotan Madrilgo Auzitegi Nazionalean entzundakoak ez du zalantzarako tarterik txikiena ere uzten. Bi egunotan auzipetuek polizia etxean jasandako tratu txarrak eta torturak salatu dituzte, baina lekukotasun horiek txikikeriak dira auzi horretan, kontakizun molestagarriak baino ez, auzipetuen erruduntasuna «frogatzea» beste helbururik ez dutenentzat. Eta auzia bera bezain modu zentzugabean, «harrapatu zaituztegu» esanez bezala galdekatu dituzte gazteak. Bati prentsaurreko batean izan zela -prentsaurrekoan izan zirenek eta hedabideen bidez haren berri izan zuten guztiek dakiten bezala- egotzita; beste bati herri honetako milaka herritarrek egin ohi dituzten jardueretako batean parte hartu zuela; harako hari «Bateragune auziaren» aurkako manifestazio batean pankarta eraman izana, akusatuaren sindikatuak deitutako manifestazioan. Bistan da «froga» horiek aurkitzeak ez diela lan handirik eman; hala ere, ezin adierazgarriagoak dira. Izan ere, «froga» horiek egun bakar bateko zigorra ere -auzipetuek dagoeneko jasan dutenaz gainera- ezartzeko erabiltzeak sobera argi azaltzen du auziaren eta hura abiatu duen Estatuaren izaera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo