GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasleek euskarazko irakaskuntza etenik gabe gauzatzea bultzatuko du EEPk

Sare guztiak batuta, euskarazko hezkuntza jasotzen duten ikasleen kopurua asko emendatu da Ipar Euskal Herrian, batez ere Lehen Mailan. Bigarrengoan, aldiz, askok frantses hutseko eredura jotzen dute.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Aurtengo ikasturteko datuekin batera, azken hamarkadan euskarazko hezkuntzak izan duen bilakaera, egungo egoera eta aurrera begirako lan ildoak aurkeztu zituen atzo Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Baionako Marracq kolegioan.

Frantxua Maitia EEPko lehendakariak nabarmendu zuen «lehen aldiz irakaskuntza publikoan, haur hezkuntza eta lehen mailakoa batuta, 5.000 ikasleen kopurua gainditu» dela.

Azken 9 urteak kontuan hartuta, ikasle elebidunen emendatzea ia %62koa izan da. Eskola giristino edo kristauen sarean (+ %38,5) eta Seaskaren murgiltze eredukoan (+ %56,9) ere goranzko joera izan da. Hiru sareak hartuta, 2004tik hona %54,9 igo da kopurua, zehazki 5.973 ikasletik 9.250ra. Alta, Bigarren Mailako irakaskuntzan egoera bestelakoa da, nahiz eta hamarkada honetan goranzko joera agerikoa izan. 12-15 urte arteko hezkuntzan (kolegioa) %66,4 igo da eta 16-18koan, % 68,1.

Arazo nabarmenena Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara igarotzean agertzen da, batez ere eta alde handiarekin, irakaskuntza elebidun publikoan. Izan ere, aurreko bi ikasturteetako neurketek adierazten dute ia erdiek (% 46,15) eredu elebiduna utzi egin dutela.

Euskara «zailegia»

Hautu horren arrazoiak ezagutzeko, iaz galdeketa egin zuten kolegioan sartzekotan ziren ikasleen eta gurasoen artean. Euskara «zailegia», historia-geografia (sare elebidunean nagusiki euskaraz ematen diren gaiak) «euskaraz ikasteko beldurra» eta «lan gehiago» eskatuko zietela argudiatu zuten ikasleek. Gurasoek, berriz, bi arrazoi nagusi eman zituzten; haurren hautua «errespetatzea» eta beraiek euskaldunak ez direla-eta seme-alabak laguntzeko zailtasunak izango zituztela.

Egoera horren aitzinean, sustatze lan handiagoa beharrezkoa da, EEPren iritziz. Agerraldian zegoen Pirinio Atlantikoetako Akademia zuzendari berriak, Pierre Barrierek, ere berebiziko garrantzia eman zion jarraitutasunari. «Cursus guztian euskarazko irakaskuntzak jarraitutasuna izatea bultzatu behar dugu». Marie-Christine Aragon kontseilari nagusiak «eskaintza gehiago hedatu» behar dela adierazi zuen, bestela «izaera elitistan geratzeko arriskua dagoelako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo