GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herrian krisiari hoberen aurre egiten dion sektorea industriarena da

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren datuen arabera, 2013ko lehen seihilekoan krisiaren eraginak nabarmentzen segitzen du. Halere, Akitaniako eta Estatuko egoerarekin alderatuz, lurraldeak «hobeto eusten» dio. Zantzu baikor batzuk badira, industrian batez ere.

p028_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Urtean bitan egin ohi duen agerraldian, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) presidente Andre Garretak «Ipar Euskal Herriko ekonomiaren ezaugarriei esker, non merkataritzak eta turismoak pisu handia duten, krisiaren ondorioak Akitaniako eskualdean eta estatuan baino zertxobait beranduago nabarmentzen» direla adierazi zuen atzo.

«Krisiak atzerakada eragiten badu ere, oro har hobeto ihardukitzen zaio hemen. Are, zeinu baikor batzuk ere sumatzen ditugu», esan zuen, besteren artean, sortzen diren enpresen kopurua handitu egin delako (%2,8 gehiago lehen 8 hilabeteotan).

Sektoreka emandako datuek, ordea, ez dute baikortasun gehiegirako bide ematen. Eraikuntzakoak lanpostuak galtzen dihardu, merkataritzan gauzak motel doaz kontsumitzaileen eroste-ahalmena txikitu delako eta zerbitzuen esparruan ehun bat lanpostu galdu dira azken hiruhilekoan.

Langabezia %9,7n

Soilik industriak eusten dio nolabait, baina ez esparru guztietan, azken hamabi hilabeteotan 350 lanpostu desagertu baitira. Elikagai industria eta ekoizpen informatiko, elektroniko eta optikoak dira gehien jasaten ari direnak. Alta, aeronautikarako lan egiten duten metalgintzako lantegiek lana sortzen dute eta beren etorkizuna ez da horren iluna. Izan ere, sektore horretan eskaera zerrenda beteta omen dago datozen 10 urteetarako.

Orokorrean langabeziak gora egin du. Garretak atzo emandako datuen arabera, Ipar Euskal Herrian 19.211 langabe leudeke, iazko uztailean baino %,7,9 gehiago. RSA elkartasunezko diru-sarrera jasotzen dutenen kopurua ere ia hein berean emendatu da (%7,7).

Portuko jardueran ere beherakada nabarmendu da. Urte hasieratik abuzturaino %16 jaitsi da trafikoa. Celsa enpresa, portuko lehen bezeroak, beherakada handia izan du bere produktuen jin-joanetan. Petrolioa, sufrea eta beste gai kimikoek ere beheranzko joera dute. Soilik ongarrien eta artoaren garraioak eusten diote aurreko urteko mailari.

Garretaren esanetan, «hazkuntzako bidea berriro hartzeko, egun abian den eraldaketa sakonera egokitzen asmatu behar dugu». Ildo horretan, hiru gako nagusi landu behar direla gaineratu zuen: gaitasuna, kalitatea eta berrikuntza.

MIGek hiru alor horretan ekimenak sustatzen segituko duela agindu zuen. Bere bazkide diren 15.500 enpresen fakturazioa handitzea eta enplegua sortzea izango dira lehentasunak.

FIDAGAITZAK GORA

600 enpresetan egin ohi duten galdeketan, lehen seihilekoko egoeraz eta etorkizuneko aurreikuspenez jaso dituzten emaitzetan, konfiantza murriztu egin dela ageri da, nahiz eta oraindik ere gehienek baikortasuna azaltzen duten.

ZANTZU ONAK

Krisiaren ondorioak gorabehera, ba omen dira zantzu baikor batzuk. Horien artean, enpresen sorrerak gora egin duela, industria aeronautikoak eskaera zerrenda bikaina duela eta proiektu berriak laguntzeko enpresa mintegiak beterik daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo