GARA > Idatzia > Kultura

Andoaingo kaleak Lehenengo Gerra Karlistara itzuliko dira larunbatean

GARA | DONOSTIA

Datorren larunbatean, 17.30etik aurrera, Andoaingo Zumea plazan gudaroste karlista elkartuko da, Uranga jeneralaren aginduetara. Ordu berean, Andoaingo Goikoplazan, berriz, gudaroste liberala O'Donell jeneralaren aginduetara. 1837ko irailaren 14an bezalaxe bi gudarosteek elkarren kontra joko dute Andoaingo kaleetan, zehazki Gurutze Santuaren zubian, borroka odoltsu baten ondorioz, herriko kaleak «hildako soldaduz» beteta uzteko, guztira 600 eta 800 bitartean hil baitziren gudu hartan.

Larunbatean, noski, ez da hildakorik izango, baina andoaindarrek gudu horrek eta I. Gerra Karlista osoak herrian eta eskualdean eragindako hondamendia ekarri nahi dute gogora, gerra hartan Andoain luzaro izan baitzen bi etsai amorratuen arteko frontea. Gainera, ekimena antolatu duen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak hausnarrerako erabili nahi du ekimena, jendeak ezagut ditzan XIX. mende osoan Euskal Herria hain sakon baldintzatu zuten gerra horien nondik norakoak eta nola, zergatik eta zertarako ikusi genuen euskaldunok geure burua hain suhar eta guztiz nahasturik gerra horietan, alderdi batean izan zein bestean. Guztira 200 lagun inguruk antzeztuko dute gudu hura: soldadu liberal eta karlistak irudikatuz batik bat; baina beren burua kinka larrian ikusi zuten herritarrak ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo