Ez Dok Amairu modernizatzeko intentzioarekin datoz Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa
Euskal kulturaren pizkundearen garaia oroituko dute Ray eta Nik pertsonaiek «Koka-kola eta barea» ikuskizunean. Musikari trebe hauek Ez Dok Amairuko kideak omen ziren, baina ez zuten ospetsu egitea lortu.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa aktoreek emanaldi berri bat dute esku artean. «Kola-kola eta barea» umorezko ikuskizunak euskal kulturaren iraganean eta orainaldian miatzen du, bi xede argirekin: «Euskal musikaren benetako historiaren berri ematea» eta «Ez Dok Amairu taldea berriro osatzea». Egia esan, benetako helburua barrea eragitea da Ray eta Nik pertsonaien eskutik. Lehenengo emanaldia Donostiako Egia auzoko Gazteszenan eskainiko dute urriaren 20an, 19.30ean.
Orain arte «Xentimorik gabe» ikuskizunarekin aritu da aktore parea Ameriketako gertakizunen berri ematen. Asier Sota da bi ikuskizunen zuzendaria, eta bere ustez, nahiz eta aurreko ikuskizunak arrakasta izan, honakoak gehiago konektatuko du publikoarekin «ezagutzen dugun kultura jorratzen duelako. Ordubetean ondo pasatzeko aukera eskaintzen du». Aktoreak ez ziren aurkezpenean geldirik egon eta etengabe ari ziren hizketan. «Ez dakigu nora doazen, nondik datozen, ez dakigu esaten dutena egia den edo terapia baten parte den. Errusiar mendi bat muntatu dugu berriro», zioen Sotak.
Xabier Etxaniz, aldiz, lasai-lasai zegoen mahaiaren muturrean. Berak laguntzaile lana egin du gidoian, nahiz eta aktoreek ikuskizun honetan ez dioten gidoiari zehatz-mehatz jarraitzen. «Ni literaturatik nator, haurrentzako istorioak egiten ditut eta hemen konturatu naiz bi hauek jota daudela. Esperientzia polita da», aipatu zuen idazleak. Aktoreek, berriz, bere talentuaz jabetuta ideiak emateko eskatzen diote, eta ondoren horiek txikitu egiten dituzte ideia berriak sortzeko. «Talentua eta prestutasuna dauka», aipatu zuen Ramon Agirrek.
Honek ikuskizunaren nondik norakoen berri eman zuen bere pertsonaia Rayren hitzetan: «Bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, injustizia historikoak argitzea. Gu ere Ez Dok Amairuko kideak ginen, baina argazkia atera zuten bilera hartara kale egin genuen. Ordutik guk gure bidea egin dugu, baina arantza bat dugu ez garelako Wikipedian agertzen. Euskal kantaren historia osoa kontatzera etorri gara». Beste helburua Ez Dok Amairu taldea berpiztea da. «Modernoa, online, kosmopolita, egin nahi dugu», aipatu zuen Inaxio Tolosak Nik pertsonaiaren hitzetan. Serio jarrita, Agirrek esan zuen umorea egiteko parodia erabiltzen dutela ikuskizunean, baina «miresmen osotik» sortu dutenez, ez dutela uste inor haserretuko denik.