GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estrasburgoko sententziari buruzko galdera luzatuko dio EAJk PPren gobernuari

Estatu espainoleko Kongresuan izango den osoko bilkura aprobetxatuz, Estrasburgok 197/2006 doktrinaren aurkako sententzia kaleratuko balu zer jarrera izango lukeen galdetuko dio EAJk Gobernu espainolari.

GARA | DONOSTIA

Osoko bilkura izango dute gaur Estatu espainoleko Kongresuan. Bertan, besteak beste, 197/2006 doktrinaz hitz egingo dute, EAJren galdera bat dela medio. Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Sala Handiak datorren astelehenean doktrinari buruz publiko egingo duen epaia uneotan Gobernu espainolak defendatzen duen jarreraren aurkakoa bada nola erreakzionatuko duen galdetuko dio Aitor Esteban jeltzaleen bozeramaileak Mariano Rajoy Gobernu espainoleko presidenteari.

Datorren astelehenerako aurreikusten da 197/2006 doktrinaren inguruko Estrasburgoren behin betiko erabakia kaleratzea, nahiz eta berau pasa den irailaren 12an hartua izan. Gogoratu, 2012ko uztailaren 12an auzitegi honetako epaimahai batek aipatu doktrinaren aurkako sententzia eman zuela -ondoren Estatu espainolak errekurritu zuen- eta Ines del Rio euskal presoa berehala aske uzteko eskatu zuela, baita honi kalte-ordainak ordaintzeko ere.

Etor daitekeenaz kezkatuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) epaia «irabazle eta galtzaile» terminoetan ez dela ulertu behar adierazi zuen Idoia Mendia PSEko bozeramaileak Radio Popularri eskaini zion elkarrizketan. Ildo horretan, justiziak nahiz botere publikoek «kontrapisuak» dituztela gaineratu zuen, eta garai batean hainbat epailek «euren epai, doktrina eta jurisprudentzia bidez», «Parot doktrina» sortu zuela esan zuen, «euskal preso politikoen gutxiengo bati eragiten diona».

Era honetan, baldin eta azken erabakia 197/2006 doktrinaren aurkakoa izango balitz, doktrina aplikatua duten presoen askapena gauzatuko dela aurreikusten du PSEko kideak.

«Afera ez da irabazle eta galtzaile terminoen arabera ulertu behar, zuzenbide estatuaren eta beronen funtzionamendu egokiaren arabera baizik», adierazi zuen. «Hori da demokraziaren eta zuzenbide estatuaren handitasuna», ondorioztatu zuen.

Kasu bakoitza aztertu behar

Epaiaren berehalakotasuna urduritasuna ari da sortzen Estatu espainolean. Hala, Eduardo Torres-Dulce estatuko fiskal nagusiak RNE1 irratian adierazi zuen «zentzuzkoena» litzatekeela doktrina aplikatzea, nahiz eta epaiak «orokortasunik» ebazten duen ikusi beharko den. Hala, kasu bakoitza modu «konkretu» batean aztertuko dute.

Bitartean, mobilizazioek aurrera segitzen dute Euskal Herrian. Bilboko Arriagan 125 lagun bildu ziren atzo presoen eskubideak babesteko, eta Sarrigurenen 10. Epaiketak salatzeko, 45 pertsona batu ziren Zaldibian, eta Gorlizen atzo 65 eta astelehenean 200.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo