GARA > Idatzia > Kultura

Cano eta Holgadoren «Zebra efektua» komiki bilduman beltzak zuri bilakatuko dira ilargi betero

«Xabiroi» komiki aldizkariak seigarren bilduma ilustratua argitaratu du. New Orleansen girotua, «Zebra efektua» Harkaitz Canok eta Iñaki G. Holgadok elkarlanean sortutako bigarren komiki lana da.

p047_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Piztia otzanak» izan zen Harkaitz Canok eta Iñaki G. Holgadok elkarlanean duela lau urte sortu zuten lehenengo komiki bilduma; gidoia idatzi zuen lehenengoak, irudiekin eman zion bizia bigarrenak. «Bikote egonkortua gara, hamar urte elkarrekin, bi umerekin...», esan zuen txantxetan Holgadok, eta Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, iragarri zuenez, hirugarren «umea» ere bidean dute.

Elkarte honek argitaratzen duen «Xabiroi» aldizkariaren seigarren komiki bilduma da «Zebra efektua», hiru zenbaki kaleratzen dira urtean eta «gure obsesio bihurtu da aldizkariko materiala hor bakarrik ez geratzea. Urtean bilduma bat argitaratzea da asmoa», esan zuen Dani Fano koordinatzaileak.

Thrillerra eta kontakizun historikoa uztartzen ditu «Zebra efektua»-k, likantropiaren bertsioa eginez, «kasu honetan maldizioak azal aldaketa dakar», zehaztu zuen Canok. Ilargi betero larruz aldatzen dira protagonistak, beltz izatetik zuri izatera. «Horrekin jokatu nahi izan dugu, metamorfosi hori jasaten duen pertsonari zer eragin diezaiokeen alde eta kontra, zer desabantaila, zer abantaila».

Boris Vianen «Le Loup-garou» (Otso-gizakia) kontakizuna gogoan izan zuela aipatu zuen Canok, «pigmentazioaren sindromearen gai hori banuen buruan», esan zuen. Hortik «Zebra efektua», Anariren kantua, ekarri zuen gogora Canok, «ez dakigulako zebra arra zurizko zaldi beltza edo arra beltzezko zaldi zuria den».

AEBetako New Orleans sargori eta umelean, «enkargu» bat burutzear dauden soldatapeko bi hiltzaile ditu istorioak abiapuntu. Baina ilargi beteak egoera korapilatzea ekarriko du.

«Oso amerikanoa da», esan zuen Canok, jazz musika eta boxeolariak ageri dira hasierako binetetan. «Berez kapitulu autokonklusiboak ziren hasiera batean, baina badago hari bat atzerantz doana, belaunaldiz belaunaldi ikusiz maldizio hau nondik datorren eta zergatik, eta bukaeran badago gaur egundik esklabotza garairainoko bidaia bat, XIX. mendera artekoa». Gaineratu zuenez, ez da hain urrun gelditzen zaigun gaia. «Bordeleko portutik 1672tik XIX. mende bukaera arte, 500 espedizio partitu ziren, Afrikan esklaboak erosi, hortik Antilletara eta han esklaboak saldu, kakaoz eta azukrez barkuak bete eta Bordelera buelta, ezer gertatu ez balitz bezala, oso merkantzia politikoki zuzenarekin. Baina ibilbide horretan bazen zerbait oso iluna».

«Komikirik gabe, zinemarik ez»

Iñaki G. Holgado errenteriarrak «bizitza osoa» darama komikigintzan, baina bere lanaren gehiengoa AEBetan eta Estatu frantsesean egiten du. «Nobelaren mailan dago komikia Frantzian», esan zuen. «Euskal Herriak komikiarekin duen zorraren adibidea da», gehitu zuen Fanok eta azaldu zuen, ekonomia arrazoiak direla medio, urriko «Xabiroi» aldizkariak zortzi orrialde gutxiago izango dituela. «Esaten da ez dagoela euskarazko komiki kultura bat, baina sortzen duzunean badago erantzuna, oso ondo saltzen da eta, beraz, badago merkatu bat eta badago kultura bat». Canoren ustez, «komiki tradizioa ez duen edo bultzatzen ez duen herri batek ez du sekula zinema onik izango». «Laborategi ezin hobea da ikus-entzunezko ekosistema oso baten mesedetan».

EUSKARATIK MUNDURA

2012ko Euskadi Saria irabazi zuen «Azken garaipena» galegora itzultzen ari dira eta irakurzaletasuna bultzatzeko nazioarteko erakunde batek aukeratu du bere zerrendan sartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo