GARA > Idatzia > Kultura

Laboa, kantu herrikoiak nazio baten ikono bilakatu zituen herri-kantaria

Mikel Laboa Katedrak musikariaren eta haren inguruan aritu ziren artista eta sortzaileen lana aztertzeko jardunaldiak jarri ditu martxan, euskalgintzan izan zuen garrantzia goraipatuz. Lehenengo egunean, donostiarrak euskal kantak denon imajinarioaren parte bihurtzeko izan zuen gaitasuna nabarmendu zuten Atxagak, Ordorikak eta Anarik.

p045_f01_152x096.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Mikel Laboak herri-kantari gisa hasi zuen bere ibilbidea, baina laster ikono bilakatu zen. Eta ikono hori atzean utzita ere, berak iluntasunetik berreskuratutako herri kantak nazio baten ereserki izatea lortu zuen. Belaunaldiz belaunaldi ez dago inor bere kanta bat gutxienez ezagutzen ez duena.

Abenduan bost urte beteko dira jada abeslari donostiarra hil zenetik, baina berak utzitako arrastoa ez da desagertzen. Euskal kulturaren berpizkundean eragin zuzena izan zuenetako bat izateagatik, Euskal Herriko Unibertsitateak katedra bat sortu du bere izenarekin, eta honek, era berean, jardunaldi batzuk antolatu ditu bere lana aztertzeko asmoz. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunearen areto nagusia jendez gainezka zegoela hartu zuen hitza Bernardo Atxagak.

Idazleak Laboaren hiletara eraman zituen entzule guztiak, 2008ko abenduaren 7ra, Lesakako Agiña mendira. Bertan zabaldu zituzten Laboaren errautsak lau haizetara. Une eta leku zehatz eta berezi horretara etengabe bidaiatuz, Laboaren izaerari buruz duen ikuspuntuaren berri eman zuen Atxagak.

Beraren ustez, Laboak denon bizitzaren parte diren euskal kanta herrikoiei buelta eman zielako iraun dute kantuok bizirik. Horien bilakaera txalapartaren bilakaerarekin konparatu zuen esaten ari zena frogatzeko. «Garai batean txalaparta ondo pasatzearekin lotzen zen, festarekin, eta orain horretan jarraituko luke musika tresna horri balioa emateko joera sortu izan ez balitz. Oteizak musikarekin, erritmoarekin, naturarekin eta abangoardiako mugimenduekin lotu zuen txalaparta eta tresna etniko erdi galdua zenak izugarrizko balioa hartu zuen euskal kulturan. Orain hiletetan ikus dezakegu, Laboaren hiletan, edo Oreka TX ikusten dugu Finlandian izotzezko txalaparta jotzen. Ez zuen tresna bakarrik aldatu, baita tresnaren erabilera ere. Laboak berdina egin zuen kantekin; albo batean baztertuta zeuden kantu herrikoiak berreskuratu, kantatzeko modua aldatu eta kanta horien izaera aldatu zuen».

Gaztetako oroitzapenak

Atxagak jaso zuen txalo zaparradaren ostean, Anari eta Ruper Ordorikaren txanda izan zen. Musika emanaldi desberdin bat prestatzeko eskatu zieten, hitzaldi eta kontzertu baten erdibidekoa. Hala, bakoitzak Laboarekin izan zituen lehen kontaktuen berri eman zuten pasadizoak kontatuz eta kantekin tartekatuz. Anarik kontatu zuen bere familiaren parte bat Nafarroako hegoaldekoa dela eta bere osabak ez dakiela euskaraz, eta Gabonetan elkartzen zirenean ohiko kantak abestu beharrean, Atahualparen kantak abesten zituztela. «Kuriosoena da nik Laboari esker izan nuela hauen berri»,

Ordorikak, berriz, Oñatitik Donostiara mutikotan egindako bidaiak oroitu zituen. Laboarengana gerturatzeko saiakera batean berak diskoak erosten zituen dendara joan zen, eta ustez berak erositako disko bat erosi ere bai, hainbeste miresten zuen.

BABESIK GABE

«Laboak euskalgintzari eta nazionalismoari bultzada bat eman zien, baina bere kabuz aritu zen, inolako erakunde politikoren babesean», aipatu zuen Atxagak inoren itzaletan eta inoren laguntzarekin sorkuntza aurrera atera zuela adierazteko.

Gaur

16.00: Lourdes Otaegi Imaz, hitzaldia.16.30: Juan Gorostidi, hitzaldia.17.30: Arantxa Iturbe, solasaldia. 18.30: Xabier Montoia, hitzaldia eta musika.

«Laboa gertutik» ezagutzeko artelana

Jose Luis Zumeta da Laboaren lana kolorez irudikatzen asmatu zuen pintorea. Berarekin harreman handia izan arren, bere izena ez da ageri jardunaldietan ospatzen ari diren hitzaldietan. Hala ere, espazio berezia gorde diote artistari: Koldo Mitxelenako Ganbaran prestatu duten erakusketako parte handi bat berak egindako disko azalei eskaini diote. Azaroaren 23ra arte ikusgai izango den bilduma honetako izarra, ordea, «Laboa gertutik» izeneko instalazio musikala da. Bertan, bisitariak musikarekin esperimentatu ahal izango du, Laboak egin zuen bezala; teklatu batean doinuak sortzeko aukera izango du, baina noten ordez Laboaren ahotsa entzuten da. Doinu horiekin batera proiekzioak ikusten dira. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo