Urkulluren betoa, lehendakariaren irudi kaskarra
New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrena ospatzeko ekitaldian Donostiako alkatearen agurrari jarritako betoa Iñigo Urkulluren eta haren taldearen zekenkeriaren erretratua da. Eta Gasteizko Gobernuak lehendakariaren jarrera eskasa zuritzeko emandako argudioak, Urkulluren jarrera bera bezain negargarriak. Izagirreren bideoa erakutsi gabe ekitaldia «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua den eta lehendakariak Euskadiren ordezkari goren gisa parte hartzen duen ekitaldi batek izan behar duen errespetu instituzionalarekin bat» zetorrela esanda, Lakuak laguntzen dituen erakunde edo elkarteak lehendakariaren mende jardun behar dutela adierazten baitu, baita Euskal Herriko hiru herrialderen ordezkari gorenaren presentzia beste ordezkari batzuenarekin bateraezina dela ere. Paradoxikoki, jokaera horrekin, babestu nahi omen zuten errespetu instituzional horren falta nabarmena erakutsi zuten Urkulluk eta bere taldeak, gutxienez New Yorkeko Euskal Etxeari eta Donostiako alkateari zor zaien errespetuarena, eta euskal herritar guztiei, diasporakoak barne, jakina, irudi ezin deitoragarri eta kaskarragoa eskaini diete.
Bideoa ez zuten New Yorkeko Euskal Etxeko ekitaldian eman, baina ikusgai dago nonahi. Eta ekitaldian eman izan balute baino askoz jende gehiagok ikusi du dagoeneko Euskal Etxeko lagunentzako agur adeitsu eta xume hori.