GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Igone Lamarain eta Aiora Epelde Sortzen elkartea

Euskararen herrian euskara ofiziala, orain!

Gero eta gehiago dira zailtasun guztien gainetik euskararen eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiten dutenak

Euskararen Herrian hizkuntza eta hezkuntza eskubideak egunero-egunero urratzen dituzte. Administrazio ezberdinetan zatikatuta dugun gure herriari begiratzerakoan agerikoa da lekuan leku euskararen mugatzea eragin duten eredu ezberdinak garatu dituztela. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean euskara bizi-bizi badago ere, euskara existitu ere ez dela egiten dirudi lege eta estatusaren ikuspegitik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, euskara ofiziala izanda ere, legeak ez du euskaraz bizi ahal izateko nahikoa bermerik eskaintzen. Eta Nafarroa Garaian munduan beste inon ezagutzen ez den zonifikazioa dugu.

Foru Hobekuntza (1982) eta Vascuencearen Legearen (1986) bidez hainbat hizkuntza eskubide aitortu baina euskarari (euskaldunoi), lingua navarrorum delakoari, bigarren mailako hizkuntzaren estatusa eman zioten. Halaber, aipatutako legeek nafarrak diskriminatu zituzten, eta oraindik ere diskriminatzen dituzte norberaren bizitokiaren arabera; hau da, zonifikazioa aplikatuz, hizkuntza eskubide gehiago ala gutxiago aitortzen zaizkigu.

Vascuencearen legeak 28 urte beteko ditu eta krudela bezain onartezina da lege honen ondorioz Nafarroako errepideetan egunero errepikatzen den errealitatea. 1.400 umek baino gehiagok egiten dituzte joan-etorriak egunero; batez beste 20 kilometro egiten ditu egunero bakoitzak. Ilargira 13 bidaia egin genitzake ikasturtero ume guztien joan-etorriak batuz gero. 751.812 eurokoa da bidaia hauen guztien kostua, eta honi dirutan neurtu ezin daitekeen errepidearen arriskua gehitu behar diogu.

Hala ere, gero eta gehiago dira zailtasun guztien gainetik euskararen eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiten dutenak. Arazoak arazo, urtetik urtera gora egiten du euskaraz ikasi eta bizi nahi dutenen kopuruak. Horra hor, lege hauen zentzugabekeriaren adibiderik garbiena.

Nafarroa Garaiko zona no vascofona bezala izendatua den zonaldean egunerokoa da euskaraz ikasi ahal izateko borroka. Borroka horren adibideetako bat da Tutera herrian dagoen Argia ikastola. Argia ikastola baita, Behe Erriberako, Euskal Herriko hegoaldeko, haur eta gazteek euskaraz ikasi ahal izateko duten aukera bakarra. Argia tamainaz ikastola txikia bada ere, handia da bere txikitasunean, izugarrizko eta ezinbesteko garrantzia eta eragina baitu euskaratik euskarara egiten duen lanak.

Tamainaz txikia dela esan dugu, eta askotan gertatzen den moduan, txikia dena erasotzea erraza da lege diskriminatzaileak ezartzea gustuko duten horientzat. Horretan saiatzen ari dira urteak joan eta urteak etorri; erakuts diezaiegun baina, beste behin ere, txikitasuna handitasunetik babesteko hartua dugun determinazioa.

Hori dela eta, egoera honen aurrean argi esan nahi dugu ez ditugula hizkuntza eskubideen urraketa hauek onartzen. Ezinbestekoa da euskararen lurralde osoan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea bermatuko duen egoera berri bat eraikitzea, eta horretarako euskaraz bizitzea helburu izango duen ofizialtasuna behar dugu euskararen herri osoan. Bide horretan urratsak emateko euskal hiztunen eskubideak urratzen dituzten Vascuencearen Legea, eta zehazki honek ezartzen duen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatzen dugu.

Guztion artean lortuko dugu euskararen herrian euskara ofiziala izatea, horregatik dei egiten diogu euskaraz bizi nahi duen orori datorren urriaren 20an Tuteran ospatuko den Nafarroa Oinezera lotu eta parte-hartze zuzena izatera. Gu ere bertan, eta auzo zein herri guztietan izango gara euskaraz bizi eta ikasi ahal izatearen aldeko aldarria zabaltzen. Guztion artean josi dezagun euskararen herria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo