GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek egiten duen «xantaiak» ez dituela atzeraraziko esan du EH Bai-k

PSko agintariek Ipar Euskal Herritik egiten ari diren eskaeren aitzinean erakusten duten borondate eza salatu du EH Baik. Are, «inplizituki xantaia» egiten ari direla uste du. Jokamolde «arduragabe» horrek «frustrazioa eta haserrea» eragiteko arriskua duela gaineratu du.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Bake-prozesuarekiko Parisek duen «jarrera ezkorra», Ipar Euskal Herrian egindako Lurralde Elkargo Bereziaren eskakizunari muzin egin izana edota ikastola berriak irekitzeko Seaskari jartzen ari zaizkion «oztopoak», PSko Gobernuak duen «borondate faltaren» adierazle nabarmenak dira. Horrela adierazi zuten atzo, Baionan, EH Baiko kideek.

«Gibelapen» horiei guztiei «xantaia» usaina dariela esan zuen Xabi Larraldek: «Ez duzue ukanen eskatutakoa eta orain duzuenarekin konformatu beharko duzue. Are, ezazue pentsa hori ere betiko finkatutako zerbait denik. Hori da inplizituki botere sozialistak bidaltzen digun mezua».

Hollande presidenteak berrikitan Korsikako hautetsiekin izandako jarrerarekin alderatuta, Ipar Euskal Herriarekin duena «oso bestelakoa da». «Hango hautetsiekin bilkura egin du eta adostasuneko bideak urratzeko prest azaldu da. Zergatik ez da halakorik posible hemen?», galdetu zuen Larraldek.

Jokamolde horiek «iraganeko denboretara, Mitterrandek hitza jan zuenekora alegia, eramaten gaituzte eta hori arduragabea eta arriskutsua da, euskal jendartean haserrea eta frustrazioa areagotu baitezake», gaineratu zuen, EH Baik «atzerapausorik» ez duela emanen eta bake-prozesuaren zein lurraldearen aitortzaren alde «borrokan» segituko duela nabarmendu aitzin.

Aliantza ezinezkoa

Bestalde, besteren artean, bigarren etxebizitzei zergak emendatzeko PSko bi euskal diputatuek kanpainan agindutakoa ez dutela bete esan zuen Peio Etxeberri-Aintxartek: «Beraz, oraingoz hurrengo bozetan aliantzak egiteko aukerarik ez dugula ikusten esan beharrean gaude».

LEBRANCHU

PSko agintarien jokamoldea salatzeko mobilizatzera deitu du EH Baik. Zehazki, Lebranchu ministroa ostiral goizean, 08.30ean, Angelun izango denez, bertara joateko deia egin zuen. Baterak azaroaren 30ean, 15.30ean, Maulen antolatu manifestazioa babesten duela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo