Mikel Laboa musikarekin jolasean hasi zen garaiak gogora ekartzeko unea
Laboak musikarekin eta hotsekin esperimentatzea gustuko zuen era berean, alegiazko irratsaio berezi bat osatuz eman zuten bere hastapenetan musikarekin izan zituen harremanen berri. Ahots protagonista, bere bizitzako kide Marisol Bastida. Berak kontatu zuen haren jarraitzaile eta epailea izan zela, musikan lehen pausoak eman zituenean eskutik heldu ziona. Berarekin batera Laboaren lana ezagutzen duten pertsonak izan ziren Koldo Mitxelenako jardunaldietan.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Mikel Laboak oso lagun onak izan zituen, Marisol Bastida bere alargunak esandakoaren arabera, baina bera izan zen bere lagunik bereziena. «Aspalditik ezagutzen genuen elkar, eta hartu-eman asko izan genituen», aipatu zuen. Bere alboan beti izan zenaren ahotsari esker Laboarik intimoena ezagutzeko aukera izan genuen atzo, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, kantari donostiarraren omenezko jardunaldien bigarren egunean.
Bertan izan ziren bere lana ikertu dutenak zein gertutik ezagutzeko aukera izan zutenak. Horien artean aipagarriena Bastida bera izan zen. Jendaurrean hitz egitea ez omen du gustuko, eta horregatik, muntaketa berezi eta dotore batean bildu zuten berak kontatu nahi zuena. Arantxa Iturbe kazetariak gidatutako iturri askotariko irratsaio bat izango balitz bezala, Bastidaren beraren ahotsean, bikoteak elkarrekin bizitako uneak ezagutzeko aukera izan zuten bertaratuek. Laboak musikan eman zituen lehen pausoak aretoaren iluntasunean zeuden gordeta: «Ezagutu nuenean berak 19 urte zituen eta nik 12. Gauza politak kontatzen zizkidan. Adibidez, esan zidan musika klasikoko kontzertu eder batean izan zela. Hori ez zen ohikoa 19 urterekin, eta konturatu nintzen pertsona berezia zela. Aurrerago bere emanaldi batera gonbidatu ninduen ni inpresionatzeko asmoz, baina ez zuen lortu, egia esan», esan zuen ahotsak.
Herri kantak berreskuratzen
Lourdes Otaegi Deustuko unibertsitateko irakasleari Laboaren kantagintzaren analisia egitea egokitu zitzaion. Honek hiru multzo nagusi egin zituen. Alde batetik, kantu tradizionalen bertsioak daude. Horien artean «Haika mutil» edo «Oi Pello, Pello» bezalako kantak aipatu zituen. Multzo horretan kokatu zituen ere anonimoak ez diren bertso jarriak, alegia, Oxobi, Xalbador edo Xenpelarrenak. «Baga, biga, higa» sailkapen honetan dago. Izan ere, kantu hau bi poemez osatuta dago, haurrek kantatzen zituztenak. «`Baga, biga, higa', jokoan gainontzekoak nork harrapatu behar zituen aukeratzeko erabiltzen zuten. `Xirristi-mirristi', berriz, jatorduetan kantatzen zuten».
Laboaren kantuen bigarren atala esperimentazioa da. Hau lekeitioen abiapuntua da eta herri kantuetan ere erabili zuen, batez ere Iparraldetik jasotako abestietan. Azkenik, hirugarren zatian sailkatu zituen poeten hitzetatik sortutako kantak. Euskal Herritik Bernardo Atxaga, Daniel Landarte, Gabriel Aresti edo Joseba Sarrionandia bezalako idazleen letrak erabili zituen. Batez ere esanguratsuak izan ziren berarentzat Joxean Artze (Ez Dok Amairu desegitean biek batera ikuskizun bat muntatu zuten) eta Xabier Lete.
Atzerriko poeten artean, aipagarria da Bertol Brecht alemaniarra. Bastida entzuleen artean zegoen eserita eta Otaegiren hitzaldiari ekarpen bat egin nahi izan zion: «Mikelentzat oso garrantzitsua izan zen Brecht. Bartzelonan ezagutu zituen bere poemak eta 68an liburua argitaratu zuenean Joxe Angel Irigarairi eta Joxe Azurmendiri hainbat testu itzultzeko eskatu zien. `Liluraren kontra' bezalako abestiak hil arte oroitu zituen».
Juan Gorostidi idazleak ere jardunaldietan parte hartu zuen. «Lau kantari» (Pamiela) liburua argitaratu berri du eta bertan Laboaren inguruan hitz egiten du. Atzo artistak taula gainean izan ohi zuen jarrera gogora ekarri zuen. Zutik egoten zen, egurrezko aulkia hanka artean zuela, begiak urrutira gidatzen zituen baina barrura begiratzen zuen eta entzuleak urduri zeuden eserita. Urduritasun hori askatzeko barre eginarazten zien imitazioak eginez.
«Bere jarraitzaile sutsua naiz, baina oso kritikoa naiz. Kantak entzutean artista entzuten dut baina berarekin izandako esperientziengatik batzuetan ezin ditut banandu. Mikel miresten dut, artista eta pertsona bezala. Konplizitate izugarria izan genuen», nabarmendu zuen Bastidak.
16:00: Denis Laborde, hitzaldia.
17:30: Koldobika Jauregi, Josetxo Silgueiro eta Iñaki Salvador, hitzaldia eta musika.
19:00: Beñat Axiari, kantari.
Xabier Montoiak eta bere gitarraren notek musika jarri zioten jada iluntzen ari zen arratsaldeari. Hitz gutxi eskaini zituen baina esanguratsuak, kantuz esan baitzuen beste guztia: «Hitzaldi bat emango nuela uste bazenuten oker zeundeten, ez dut sekula hitzaldirik eman eta nire adinean ez naiz hasiko. Ni Laboa bezalakoa naiz eta nahiago dut kantatu, hitz egiteko taberna bezalako lekuak nahiago ditudalako».
Sei sokadun zurezko lagunari helduta Laboari eskainitako kantak abesten hasi zen. «Ez dut bere kantarik abestuko ez dakizkidalako gitarrarekin jotzen. Berarekin harremana duten kantak eskainiko dizkizuet». N.B.