Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria
Atzerapausoak
Gallardon espainiar ministroaren legeak aurrera eginez gero, abortatzeko eskubidearekin gerta daitekeena aurrekaririk ez duen atzerapauso argia izan arren, Diputatuen Kongresuan Femen taldeko kideek egindako protesta ekimena dela-eta, abortuaren inguruko debateari ekin ordez, «titiak erakustea bai, titiak erakustea ez» eztabaida antzuari ekin diote hainbat hedabidek.
Ez da hau, baina, kasu isolatua eta badira emakumeoi dagokigunez atzerapauso nabarmenak erakusten ari diren hedabideak, azken urteotan genero indarkeriaren trataerari buruz ustez egindako autoikaskuntza zalantzan jartzera eramaten gaituztenak.
Iragan astean, Trapagarango emakume bat senar ohiak bortizki erasoa izan zen. Terrorismo matxistaren kasu argia den gertaera horri buruzko informazioa ematean baina, gorputza erreduraz beterik erietxean dagoen emakumea nolabait gertatutakoaren erantzulea zela aditzera eman zigun ETB2ko «Teleberri»-n entzundako narrazioak. Erasotzaileak urruntze agindua hautsi zuela jakin ostean, tratu txarrengatik salaketak jarriak egon arren, emakumea behin eta berriz bikote ohiarengana itzultzen zela entzun behar izan genuen.
Sakon aztertu dira erasotako emakumeak erasotzailearengana itzultzeko dituen arrazoiak eta hedabideek, nahi izanez gero, eskura dituzte ikerketok. Gakoa ez da hori. Emakumea da sarri etxebizitza eta bizilekua aldatu behar duena; emakumea da babes poliziala izan ohi duena, erasotzaileak jazarpenik gabe libre bere bizitzarekin lasai asko jarrai dezakeen bitartean. Horrekin guztiarekin, halere, albistegi batean erasotako emakumea erasotzailearengana itzultzen dela entzun behar badugu, egin dezagun berriz autokritika eta ikaskuntza.