KRONIKA | LASA ETA ZABALAREN ALDEKO OMENALDIA
Oroimenean bizirik, ezin baita sentimendurik lurperatu
Nahiz eta 30 urte igaro diren Lasa eta Zabala desagertu eta hil arte torturatu zituztenetik, bizirik diraute oraindik senide eta lagunen memorian, «sentimendua ezin baita kare artean lurperatu». Ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zieten Bentaundin, eta memoria, justizia eta erreparazioa aldarrikatu zituzten, Galindori emaniko baldintzapeko askatasuna gogoan zutela.
Aimar ETXEBERRIA
Tolosako Bentaundi auzoan zen zita, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren omenezko monolitoa jarria dagoen plazatxoan. Ikurrin handi batez inguratua zegoen oroitarria, alboan txalaparta zuelarik. Pixkana joan zen jendea gerturatzen eta 19.30erako enparantza gainezka zegoen. Bertan ziren, besteak beste, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako arduraduna, senide eta lagunez gain. Hala eman zioten hasiera omenaldiari.
Lasa eta Zabalaren senideak torturapean hildako gazteen erretratuei begira zirela, txalapartaren soinua zabaldu zen lau haizetara. Jendea isilik, adi. Hala, Tolosako Sortuko ordezkari batek hartu zuen hitza, bi gazteen historiaren errepasoa egin eta euren senitartekoekin izandako bizipenen berri emateko. «Badakigu une gogorrak bizi izan dituztela eta gertaera hark pertsona bezala aldatu dituela. Memoria, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu», aldarrikatu zuen.
Bertsolari gazte batek hartu zion txanda. Senideek bizi izandako «kalbarioa» ahotan, sentimenduak kare artean ezin direla lurperatu aldarrikatu zuen, «maite dituenak jazotakoa ezin baitu ahaztu». 30 urte pasatu badira ere, Lasak eta Zabalak zituzten ametsek bere horretan jarraitzen dutela abestu zuen.
Ondoren iritsi zen ekitaldiko unerik hunkigarriena, bi gazteen amak monolitora gerturatu eta lore sorta bana utzi zutenean. Txalo zaparrada baten artean, «herriak ez du barkatuko» oihuak entzun ziren. Ondoren, oroitarriari begira jarri zen dantzariak agurra dantzatu zuen, bertaratu zirenen begirada guztiak beregan iltzatuta zituela. Benetan une hunkigarria.
Joxean Agirrerena izan zen ekitaldiko mintzaldi nagusia. Iragana, oraina eta etorkizuna bereizi zituen bere hitzaldian egun Gipuzkoako Sorturen arduraduna denak. «Haien memoriarekin hazi gara, haien irribarrearekin. Eurei esker, lanean jarraitzeko kemena daukagu», azpimarratu zuen. «Hiltzaileen» logikan ez erortzeko eskatu zuen eta gure kontakizun baten beharra nabarmendu zuen, autokritika ardatz izango duena, «eragin eta jasotako minean oinarritzen dena». Hala, konponbidearen aroan aurkitzen garela adierazi zuen, «Joxi eta Joxeanen lorpenei esker». «Haien erroek gure oraina sortu dute», esan zuen.
Era berean, eta etorkizunari so eginez, memoria eta bakea aldarrikatu zituen Agirrek, baita euskal bidearen beharra azpimarratu ere. «Aurrera egiteko konpromisoa berresten dugu, iragana punta zorrotzeko akuilu izango dugularik».
Lasa eta Zabalaren senideek mikrofonoa har zezaten eginahalak eginda ere, momentuko egoerak gaindituta eta lotsa lagun, ez zuten bertaratu zirenentzat hitzik egin nahi izan. Agirrek egin zuen euren partez, Bentaundin bildu ziren guztiei eskerrak emanez.
Baina aurtengoa urteurren berezia da, 30 urte, zifra borobila. Hori dela medio, ez dira atzoko ekitaldiarekin amaituko Lasa eta Zabalaren aldeko omenaldiak. Larunbatean agerraldi publiko bat egingo dute, Tolosako Sortuk deitua, eta ahalik eta jendetsuena izan dadin dei berezia egin zuten.