GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aieteko adierazpenak, bigarren urteurrenean, bultzada garrantzitsua jaso du Latinoamerikatik

Aieteko Adierazpenaren urteurrenekoa berebiziko garrantzia duen eguna da, konferentzia hura Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuko ekarpen funtsezkoa baita. Izan ere, euskal gizartearen eskakizunen araberako bide orria aurkeztu zuen, nazioarteko adituen eta itzal handiko sostengua zuela. Madrilek eta oro har unionismoak Aieteri muzin egin eta bertan parte hartu zutenen ospea kentzeko ahalegin barregarria egin zuten, konponbideari heltzeko eztabaida saihesteko trikimailu merkean, batzuek bide orriak seinalatutako urratsak egin izanari garrantzia kendu eta zirkinik ere egin ez dutenen jarrera zuritzeko ahalegin arduragabean. Atzo, Aieteko Adierazpenak bi urte bete zituen egun berean, Mexiko Hirian Hego eta Erdialdeko Amerikako izen handiko hainbat lagunek -tartean zenbait presidente ohi- eta bakearen eta giza eskubideen alde jarduten duten zenbait erakunde zibilek Aieteko Adierazpenari bultzada eman zioten Euskal Herriarentzako Bakearen aldeko Kontinente Topaketan. Bide orri haren gaurkotasun osoa azpimarratu zuten. Hartara, Aietek babes gehiago bildu du, eta haren baliagarritasuna ukatzen dutenak are nabarmenago geratu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo