Aitor Karasatorre Mugurutza (*) | Sakanako Mankomunitateko lehendakaria
Errespetua Sakanarentzat
Nafarroako Gobernuko lehendakariak joan zen urriaren 2an egindako adierazpenetan aipatzen zen Sakana dela enplegu-suntsiketaren eta jarduera ekonomikoa sustatzeko giro sozialaren eredu faltaren paradigma.
Adierazpen horien aurrean, Sakanako eskualdeko alkateak behartuta sentitu gara gure eskualdearekiko errespetua publikoki eskatzera. Izan ere, adierazpen horiek errespetu falta ikaragarria erakusten dute azken bi urte hauetan enplegua sustatzeko ahalegin handiak egiten ari diren erakun- deekin eta gizarte agenteekin.
Barcina andreak eman nahi duen krispazio eta intolerantzia irudia ez dator bat errealitatearekin, eta, gainera, ohartarazten dugu irudi hori oso kaltegarria dela eskualdearen hazkunde ekonomikorako. Gainera, gure ustez, irudi hori ez da batere erreala. Izan ere, Sakanako Plan Estrategikoarekin batera ekimen asko abiatu dira gurean, besteak beste: sindikatuen, tokiko erakundeen eta gizarte nahiz hezkuntza entitateen parte-hartze zabala; enpresak bultzatzeko eta hedatzeko lankidetzan aritzeko ekimen publiko nahiz pribatuak; utzitako hainbat enpresa kooperatiben bitartez berrabiarazteko langile batzuk egiten ari diren ahaleginak; eta Arbizuko Garapen Gunea sortzea. Finean, garbi dago guztiok gogotsu lan egiten ari garela Sakana dinamizatzeko. Bestalde, Barcina andreari gogorarazi behar diogu, Nafarroako Gobernuko lehendakaria denez, bere eginkizuna dela Sakanaren interesak defendatzea, baita Nafarroa osoarenak ere. Izan ere, gisa horretako adierazpenak eta jarduketak eginez, eman zitzaion lana ez da behar bezala betetzen ari. Barcina andreak jakin beharko luke eskualde honetan galdutako lanpostuen %72 baino gehiago galdu direla zortzi enpresa handi itxi eta deslokalizatu direlako. Itxiera eta deslokalizazio horietan Nafarroako Gobernuak ez zuen zegokion eran jokatu, gure ibarrean egin zituen beste jarduketa batzuetan gertatu zen bezala.
Nabarmendu behar da udalek ez dutela ez eskumenik ez finantza baliabiderik ekonomia garapeneko planak egiteko. Baina eskualdean pairatzen ari garen egoera larrian agente eta pertsona asko ahalegin handia egiten ari gara: erakundeak, alderdi politikoak, enpresak, sindikatuak, hezkuntza erakundeak eta gizarte osoa. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak utzikeria eta moteltasun nabariak erakutsi dituenez, guztiok ardura hartu dugu irtenbideak bilatzeko eta proiektuak sortzeko, eskualdeak garapen iraunkorra lor dezan. Une oro, Nafarroako Gobernura jo dugu lankidetzan aritzeko jarrera irekia erakutsiz eta haren laguntza eskatuz, eta, hitzetatik harago, izan dugun erantzuna lausoa eta hutsa izan da.
Azkenik, Barcina lehendakariari premiaz eskatzen diogu haren karguari dagokion eran jokatzeko eta 2011ko udazkenean Sakanako Krisi Mahaiak egin zion eskaera aintzat hartzeko. Horretarako, egiazko solaskide bat izendatu beharko du Sakanako entitateekin lankidetzan aritzeko.
Era berean, egungo egoera mingarria konpontzeko behar diren tresnak eta baliabideak jarri eta Sakanan zehazten ari den garapen estrategian aktiboki jokatu beharko du.
Guk behinik behin konpromisoa hartu dugu Sakanaren etorkizuna bermatzeko eta eskualdean bizi eta lan egiten duten herritarren ongizatea bultzatzeko. Nahiko genuke zuk ere halako konpromisoa hartzea.
(*) Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Txiki Iriarte, Irurtzungo alkatea; Ruben Goñi, Arakilgoa; Javier Rodriguez, Uhartekoa; Peio Betelu, Arruazukoa; Jose Ramon Garin, Lakuntzakoa; Miren Mendinueta, Arbizukoa; Joxi Bakaikoa, Etxarri Aranazkoa; Jon Tabar, Bakaikukoa; Bitoriano Gabirondo, Iturmendikoa; Sebastian Aristizabal, Urdiangoa; Garazi Urrestarazu, Altsasukoa; Gurutze Rodriguez, Olaztikoa.