Rousseten hitzaldia eten zuen CADEk, trenbideari buruzko jardunaldi batean
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Bordelen «Eskualdeetan tren garraioaren etorkizunaren alde» izenburupean herenegun egin zen jardunaldia eten zuten CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeko hainbat kidek. Horiekin batera, Gironda hegoko, Landetako eta Lot-et-Garonne departamenduetako AHT proiektuen aurkariek ere hartu zuten parte protesta ekintzan.
Alain Rousset Akitaniako Kontseiluko presidenteak hitza hartu zuelarik, ekintzaileak 10 euroko billete faltsuak banatzen hasi ziren jardunaldian zeudenen artean. Horietan «5.000 euro etxe bakoitzeko. AHTk larrutzen gaitu» esaldia idatzia zuten.
Banaketa egin bitartean, beste kide batzuek «Bai trenari. Ez AHTri» zioten pankartak zabaldu zituzten.
Ekimenak ustekabean hartu zuen AHTren bultzatzaile sutsua den Rousset eta minutu batzuetan bere hitzaldia eten egin behar izan zuen.
Ekintzaileen protestak ordu laurden iraun zuen. CADEren esanetan, «arrakasta itzela» izan zuten: «Era lasaian burutu zen eta bertan zeudenei argi utzi zitzaien mintzalekuetan egiten diren diskurtso eztiez harago, herritarrek ere zer esana badutela eta ezin direla erabakietatik baztertu».
EBren finantziazioa
Bestalde, atzo jakin zen Europar Batasunak «RTE-T programaren baitan, Bordele eta Espainiako mugaren arteko trenbideko 12 km-ko zati baten hobekuntzarako» 5.600.000 euroko finantziazioa bideratuko duela.
Diru-laguntza hori «azterketa teknikoak, ingurumenarekiko eraginak aztertzeko eta inkesta publikorako prestakuntza eta kudeaketa lanetarako» izanen da.
Europako Batzordearen oharrak ez du zehazten zein zatiari dagozkion aipatu azterketak, baina «Europa hego-mendebaldeko AHTren ardatza» egiten lagunduko duela adierazi du.